Hitzak dantzatzeko bidea

  • Bat egin dute Kukai dantza taldeak eta Tanttaka antzerki taldeak hirugarren aldiz. 1937 eta Otehitzari biraka ikuskizunen ostean Hnuy illa... iritsi berri da agertokietara, Joseba Sarrionandiaren poemak oinarri dituen ikuskizuna.
Kukai-Tanttaka
Kukai-Tanttaka
Antzokian eseriko zara, beldurrez agian. Zer espero dezakezu euskal dantza, poesia eta antzerkia uztartzen dituen zera batetik? Itxarongo duzu pixka bat, argiak itzaliko dira; offeko ahotsek eta irudi proiektatuek ferekatuko dizkizute, apika, zalantzak. Gauza asko taula gainean, helburu bakarrarekin: zu zeu eserlekuan iltzatzea, hunkituta, nork daki. Eta joango zaizkizu apurka aletzen, uztartzen, hitz egiten mugimenduak, musikak, poemak. Mugimenduak ere poetikoak izan daitezkeelako, euskal dantzetatik abiatutako pausoak egungo kezkez ere mintzo daitezkeelako, antzerkiak herri baten sentimenduetan tatuaturik dauden hitzak eta esperientziak konpartitzeko balio lezakeelako. Eta ez zara izutuko, badelako intimitaterako, sentsualtasunerako, poesiarako tarterik. Ametsen erbeste gozora bilduko zara.
 
Tanttakako Mireia Gabilondorekin eta Kukaiko Jon Mayarekin bildu gara, banan-banan hitz egin dugu, aurrestreinuz aurrestreinu dabiltzala, lerro hauek argitaratzean burutu berria izango den Donostiako Antzerki Azokako estreinaldiaren atarian. Mayak aipatzen duenez “lan hau ulertu behar da Kukai eta Tanttaka aurretik dugun elkarlanaren bidean”. 1937 izan zen lehenengo lana, duela zazpi urte. Otehitzari biraka izan zen bigarrena, eta Hnuy illa… ikuskizuna batez ere elkarrekin lan berri bat egiteko gogotik hasi da. “Argi genuen elkarrekin lanean jarraituko genuela, eta horrela hasi ginen pentsatzen zeri buruz”.
 
Bi taldeen arteko elkarlanak Joseba Sarrionandiaren testuak oinarri hartzen baditu ere, ez zuten hura abiapuntu izan. Bidean topatu zuten, lan berria prestatzen hasi zirenean. Mayaren hitzetan, hasieratik nahiko garbi zeukaten dantzan gehiago landu nahi zituztela bikote harremanak, pertsonen artekoak... eta hori poesiarekin egin nahi zutela. “Gauzak irakurtzen hasi ginen, dantza batzuk probatzen, eta tartean Sarriren zenbait testurekin lan egiten. Pixkanaka bere obran sartzen joan ginen, hainbeste dauka, hain anitza eta hain ona... Engantxatzen joan ginen, eta ikusi genuen ikuskizun osoa hortik joan zitekeela”.
 
Mireia Gabilondo ere ildo berean mintzo da. “Poesia erabili nahi genuen ikuskizuna egiteko. Poeta horien artean hasieratik Sarri zegoen, niretzako euskal poesian erreferente bat delako. Eta konturatu ginen hainbeste zeukala Sarrik berak, bakarrik ere nahikoa zela. Gainera horrelako zerbait merezi zuen”.
 
Gabilondorentzat ez da izan Sarrionandiaren lanera gerturatzeko lehen tentaldia. Orain dela hamabost urte poesia errezitaldi batzuk egiteko asmoarekin aritu zen Asier Hernandezekin elkarlanean. “Azkenean ez zen inora iritsi, baina ibili ginen Sarriren poesiarekin bueltaka. Batzuetan zikloak horrelakoak izaten dira: denbora behar izaten da berriro norabait iristeko, eta ikuskizunean entzuten diren ahotsen artean Asier Hernandezena dago”.
 
Urteak ordea ez dira debalde pasatzen eta Sarrionandiak berak liburuak kaleratu ditu epe horretan. “Liburu batzuk oraindik ez zeuden duela hamabost urte, beste poema batzuekin ibili nintzen lanean, baina ordukoak ere sartu ditut oraingo honetan. Bere poesia guztia ez nuke esango, baina gehientsuena behintzat begiratu eta berrirakurri dut; Zailena aukeraketa egitea da, baina bide polita izan da”.
 
Poesiak ikuskizun honetan leku berezia duen arren, funtsean dantza ikuskizuna dela azpimarratu dute biek, eta hortik ulertu behar dela sortze prozesua ere. Mayak aurreko lanekiko aurrerapausoa ikusi du, edo beste zerbait probatzeko beharra behintzat. “Dantza tradizionaletik gatoz eta aurreko ikuskizunetan oso modu koralean egin dugu lan, talde oso homogeneoa ikusten zen agertokian. Horregatik baneukan gogoa beste modu batera lantzeko, pertsona bakoitzak nortasun gehiago har zezala agertokian eta bakarkako, binakako, hirunakako gauzekin jolastea”.
 
Tankera horretako irudiak lantzeko bidean murgildurik poesiarekin egin zuten topo. “Dantza estilo hau islatzeko bidea izan da”. Aldi berean ideia beretik musika ere sortu da, eta azkenean musika eta dantza elkartu dituzte.
 
Gabilondoren iritziz dantza ikuskizuna da, batez ere, Hnuy illa... “Lan batean sartzen naizenean politena izaten da norabidea niretzat ere sorpresa izatea. Sarriren unibertsoan sartu eta bere poemek zer esaten didaten, zer emozio eragiten didaten... Ikuskizun hau puzzle txiki baten modukoa da, gai asko hartu ditugu eta horrekin bide bat egin”. Sarrionandiaren poemetako gaien artean, nola ez, erbestea dago. “Bada poema bat horri buruz portugesez idatzita dagoena: argi nuen hasieratik sartu egin nahi nuela eta fado bat egiteko gainera. Baina beste batzuk bidean aurkitu ditut eta bat-batean tartetxo bat eduki dute, nik neuk espero ez nuena”.

Sormen puzzlea

Asko dira tankera honetako sortze prozesuan bat egin beharreko piezak: testuak aukeratu, dramaturgia definitzen joan, offeko ahotsak grabatu, irudiak sortu, koreografiak prestatu... Eta horri guztiari forma bateratu bat eman. Maya eta Gabilondo hastapenetik etengabeko hartu-emanean egon dira, batetik dantzak probatzen, sortzen eta aukeratzen, eta bestetik gidoiari eta testuen erabilerari forma ematen. Momentu batetik aurrera bi bideek bat egin dute entseguetan.
 
Gabilondok intuizioa du lanerako bidelagun. “Ez naiz oso metodikoa. Norabidea definitzeko hitz bat aukeratzekotan emozioa aipatuko nuke nire kasuan”.
 
Mayaren esanetan hasieratik izan dute elkarlana. “Prozesuan gaudenean eta ondoren ere Mireia eta biok erabat elkarrekin goaz, nahiz eta gainontzeko eragile guztiak beren kabuz ari diren. Lan prozesu honetan adibidez gu biok ideia lantzen ari ginen bitartean ni dantzariekin ari nintzen jada gauzak probatzen, eta aldi berean Mireia poemak irakurtzen ari zen, aukeratzen… Elkarri asko eskatzen diogu. Iristen da momentu bat gu jada dantzak nahiko osatuta dituguna, gidoia ere nahiko aurreratua, musika prest... Eta denak aldi berean jartzen gara martxan”.

Tradizioa sorbide

Deigarria da halaber euskal dantzen aldeko Kukairen apustua. Mayak argi du Euskal Herrian oso dantza tradizio aberatsa dugula. “Hala ere guk momentu honetan egiten duguna ez da dantza tradizionala, ez da folklorea, hortik gatozen arren eta gure esparru naturala hori den arren. Lan berri honetan uste dut beste aurrerapauso bat badagoela eta beste lengoaia batzuekin uztarketak oraindik eta nabariagoak direla”.
 
Kukairen sorreran bertan suma liteke, Mayaren esanetan, tradiziotik abiatutako sorkuntza propioa lantzeko grina. “Hasierako asmoa hori zen, 1937 gaiagatik eta testuinguruagatik tradizionalena da, Otehitzari biraka beste urrats bat da eta Hnuy illa… beste bat. Dantza tradizionala erabiltzen dugu lan tresna modura. Dantza garaikidea, klasikoa edo flamenkoa dantza estiloak dira, hori nahi duzuna espresatzeko erabil dezakezu. Horrela ulertuta guk momentu honetan euskal dantza tradizionalarekin lan egiten dugu urratsak eta mugimenduak bilatzeko, baina hortik aurrera askatasunez jokatzen dugu”.
 
Asmo horren bidean gakoa suertatzen ahal da dantza ikuskizuna antzerkiaren ikuspegitik lantzea. Tanttakak eskaintzen ahal dio hori prozesuari, Gabilondoren eskutik. Maila horretan Hnuy illa...-n une koralekin batera bereziki azpimarratu dira bikote harremanak, une intimoak eta sentsualak, interpretazio aldetik lan gehiago eskatzen dutenak. “Beraiei agian gehien kostatzen zaiena da, dantzariak izanik, eta gainera euskal dantza tradizionaletik abiatuta, zaila delako: euskal dantzan ez da emozioa erakusten, edo ezer gutxi”. Lan ugari eginez zeharkatu dute hirugarren ikuskizun honetara iritsi arteko bidea: “Dantzariek pixkanaka ikasi dute adierazkorrago izaten aurpegiarekin edo dantza egiteko moduarekin. Hori askotan esaten diet, nahiz eta pausoak aurrez ezarrita egon, oso ezberdina dela modu batera ala bestera dantzatzea. Oraingo honetan biren arteko koreografia batzuk egitera jo dugu. Ezberdina da”.
 
Jon Mayarekin batera Vanesa Castaño, Eneko Gil, Ibon Huarte, Alain Maya, Urko Mitxelena eta Nerea Vesga dira Kukai taldeko dantzariak. Kukai sortu zenetik, Tanttakarekin jarraitutako ildoaz gain, ugariak izan dira burututako bestelako lanak. Mayak gogoan du nola hasi ziren 2001. urtean lanean. “Nik banuen buruan ideia bat, baina saiakera bat zen, ez zegoen aurrekari askorik, dantzari oso gazteak ziren… Azkenean pixkanaka-pixkanaka joan gara gure esparruan kokatzen. Lehenengo proba egitetik urtean berrogei bat emanaldi egitera pasa gara. Momentu honetan talde sendoa gara, bai maila artistikoan baita antolakuntzan ere”.

Gaien sinbolismoa


Ez du erraza izan behar jendearen, balizko ikusle potentzialen gogoan biziki iltzaturik egon daitezkeen gaiak lanerako oinarri izatea. Mayak aipatzen duenez sakontzea eskatzen du. “Azaletik landu ezin diren gaiak dira, bestela oso ebidentzian gelditzen baitzara. Oharkabean pasatzen ez diren figura edo gertaera batzuk dira, ikuskizuna ateratzen den momentutik jendearen arreta eta kuriositatea pizten du, eta horrek ardura sortzen du”. Oteitza ala Sarrionandia izan, bakoitzak badu bere oihartzuna. “Oteitzaren kasuan bere figurak atzetik dakarren guztiarekin, aldeko eta kontrako zera guztiekin, sumatzen zen inguruko pisua. Kasu honetan gehiago izan da ardura pertsonala, errespetua; ez da Sarriri buruzko ikuskizuna, Sarriren obra erabili dugu eta pertsonari errespetua zor zaio. Alde horretatik borondate onarekin, errespetuz eta intentzio onarekin egina dagoenez jendeak horrela hartuko duela espero dut; egia esan orain arte ez dugu inolako arazorik eduki”.
 
Hnuy illa… ikuskizunaren sormen prozesuari buruzkoak gustura entzun baditugu ere, misterioari lekua utzi behar zaio, ikusleak bere gogoeta egin dezan. Gabilondoren hitzak ekarriko ditugu hortaz, lerro hauei amaiera emateko: “Hainbeste hitz egin eta gero beti esaten dut ikuskizunak ikusi egin behar direla, ez du ezertarako balio kontatzea nik zer egin dudan, zer egin nahi nuen… Egina dago eta orain ikusi egin behar da, eta bakoitzak bere konklusioak atera ditzala”. Horra lerro hauen irakurlearentzat gonbita, eta lekukoa.
Laguntzaile faltarik ez
Ikuskizunak lan talde garrantzitsua izan du eskura, hasierako intuizioei forma emateko. Besteak beste, musika Iñaki Salvadorrek sortu du, eta eszenografia berriz, Fernando Bernuesek; offeko ahotsetan Mikel Laboa eta Ruper Ordorikaren kolaborazioa izan dute. Mireia Gabilondok azaldu du oraingo honetan garbi zeukatela hitza sartu nahi zutela. “Modurik onena grabatzea da, bestela zuzenean egin behar duzu eta dantzan ari diren bitartean hitz egitea zaila da. Garbi izan nuen hasieratik batzuk kantu bihurtu nahi nituela eta beste batzuek azpian musika izango zutela”.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude