argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2008ko uztailaren 27a

Kemen Lertxundi poeta eta musikari ondarroarrak Galdutako zubixak (Gaztelupeko Hotsak) bere aurreneko diskoa plazaratu du. Kanta batzuk www.myspace.com/kemenlertxundi webgunean entzun ditzakezue.

 

Toti Martinez de Lezea idazle gasteiztarrak haurrei zuzenduriko Nur eta irlandar gnomoa eleberria argitaratu du Erein argitaletxearen bidez. Euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako obra horrek zortzi urteko haur baten eta urrutitik etorririko ipotx baten arteko gorabeherak kontatzen ditu. Nur izeneko pertsonaiaren abenturetan oinarritutako bildumaren lehenengo alea da. Hurrengo urtean beste liburu bat argitaratzeko asmoa du autoreak. Nur eta irlandar gnomoa Juan Luis Landak ilustratu du.

 
 

UR kultur taldearen ekimenez, hamar pintoreren obrak jarri dituzte ikusgai Senpereko Larraldea etxean. Jose Mari Apezetxea, Kepa Arizmendi, Gonzalo Etxebarria, Hortense Häusling-Fourneau, Peio H., Rikardo Paskual, Ana Marin, Tomas Sobrino, Auxtin Zamora eta Rafäelle Van Hulle artisten lanak.

 

Atxukale.com webgunean Mutrikuko kanta zaharrak biltzen hasi dira herriko hainbat eragile. Internauta batek egindako proposamenari heldu eta kanta horiek betiko desagertu ez daitezen ari dira lanean. Inon jasoak ez zeuden Arno’ko Gurutza, Mutriku herria, Bi aeroplano, Hiru ta hiru sei eta Gabon Gabonketa bezalako abestiak jaso dituzte dagoeneko. Bildutako kantekin herriko ikastetxeetan zabalduko den CDa plazaratuko dute Mutrikuko hainbat musikarik. Bertso eta musika eskoletako kideak, ikastetxeak, kultur eragileak eta Udaleko Euskara Batzordea ari dira proiektuan parte hartzen.