2008ko lehen seihilekoa amaitu da eta dagoeneko badauzkagu krisi ekonomikoaren inguruko hainbat datu. Horien arabera, krisiak klase apalei eragin die gehien. Urte erdi honetan banku eta aurrezki kutxek irabazi handiak lortu dituzte eta beste behin ere euren markak hobetu. Batez beste %20 gehiago irabazi dute iazko epe bereko datuekin alderatuz gero. Espainiako Bankuaren datuen arabera, enpresa ez finantzarioen irabaziak lehen sei hilabeteetan %32 igo dira; iaz berriz, %29,2. Burtsan kotizatzen duten 35 espainiar enpresek irabaziak %14 igo dituzte, 49.246 milioi eurora arte, baina langileentzako gastuak jaitsi egin dira. Langileei epe horretan ordaindu beharrekoa %4,1 igo da batez beste, hau da, enpresa ez finantzarioen irabaziekin alderatuta, zortzi aldiz gutxiago.
Aurrezki kutxentzako eta bankuentzako testuinguru onuragarri horretan, azpimarratu eta salatu behar da erakunde finantzario horietako askok enpresa txiki eta ertainei kredituak emateari utzi diela Euskal Herrian; eta batez ere likidezia arazoak dauzkaten enpresa txikiei.
Horrek guztiak likidezia behar duten enpresa txiki eta ertain batzuen kolapsoa eragin dezake, kontuan hartuz gero egungo kontsumo geldialdiak eta energia prezioen igoerak ekarri digun egoera. Gobernuek erakunde finantzario horiek presionatu beharko lituzkete, garai zail horietan enpresa txiki eta ertainak alde batera utz ez ditzaten. Izan ere, euren irabazien zati bat enpresa horiengandik eta euren langileengandik datoz.