argia.eus
INPRIMATU
Biologia
Sagar eta udareen arnasbideak ikertzen
Joxerra Aizpurua Sarasola 2008ko uztailaren 23a
Sagarrek eta udareek airea gordetzeko eta zirkulatzeko sistemak dituztela jakin badakite ikerlariek, baina orain arte ez dira ongi ezagutu mekanismo horiek. Duten garrantzia begien bistakoa da, horren arabera lehenago edo beranduago usteltzen baitira.
Belgikako Leuven-eko Unibertsitate Katolikoko bi ikerlarik hiru dimentsiotan ikusterik izan dituzte bi fruta horien aire-sistemak, ESRF erakunde europarraren teknologia erabiliz.
 
Sagarretan, aire-sistema zelulen arteko zulo ez-erregularrek osatzen dute. Udareetan, berriz, elkarrekin konektatutako tutueriak topatu dituzte aipatutako ikerlariek.
 
Sagarrek eta udareek, osasuntsu irauteko, airea izan behar dute barnean, bestela usteltzen hasten dira. Ikerlariek ez dute oraindik topatu aire-sistemen logika; lortutakoan, izugarrizko aurrerapausoa egingo da sagarren eta udareen kontserbazioari dagokionez.