argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
2008ko uztailaren 23a

Rafa Zulaika Baionako Euskal Museoko zuzendariak Aldaketa 16 aldizkarian: "Izendapenari esker jende gehiago joango al da Ekaingo erreplika ikustera? Ez dut uste. Sakonagora joko nuke. Ondarearen benetako gizarteratzea lortu behar dugu (...) Urdaibaikoa gauzatzen ez bada ere, orain bezala, Guggenheimaz jarraituko dugu hizketan. Besterik ez balego bezala. Museoaren Legea behingo batean kontutan harturik, Euskal Herri osoko museoen arteko –Ipar Euskal Herria barne– politika, plangintza… bideratzeko erabiliko nituzke 100 milioi euro horiek. Nor da nor euskal museotan? Nork egin behar du zer? Zergatik museo batzuk itxuraz primeran daude eta beste batzuk sufritzen bizi dira? Zergatik daude museoen arteko desorekak?".

 

Iñaki Aldekoa idazleak Deian: "Gurea bezalako literatura eta kulturen arrisku nagusia txokokeria izaten da. Nik ere maite dut gurea, baina konplexurik gabe, errekonozituz ez garela gauza handia izan (...) Gurean izan behar du, inon izatekotan, ezaguna gure literaturak. Azken finean, euskal literatura euskaldunok irakurtzeko idatzi izan da. Bizirik eta osasuntsu dagoen literaturaren oinarriak hizkuntza batean eta kultura batean daude sendo. Kanpoan ezagutzeak gero datoz (...) Berez literatura kritikak eta literaturaren historiak zerbaitetarako badira idazleen lana hobe ezagutzen laguntzeko dira. Halako historia liburuek euskaldunok geure burua hobe ulertzeko eta ezagutzeko balio beharko lukete".