Umeek zaharren aje gero eta gehiago dituzte


2008ko uztailaren 20an
Madrileko unibertsitate autonomoko katedraduna den Juan Luis Hernández Alvarezek koordinatu duen ikerketa taldeak errealitate beldurgarri eta kezkagarriarekin egin du topo: 9 urtetik 17ra bitarteko haur eta gazteak sedentarioak dira, gainpisua dute eta duela gutxi arte hirugarren adinekoenak baino ez ziruditen ajeak dituzte.
 
Eskola umeen %45ak, adibidez, ezin ditu ukitu bere oin puntak hatz puntekin (belaunak tolestu gabe, noski). Malgutasunik gabeko umeak dira; luzarora bizkarreko min gogorrak jasango dituzte. Eta zergatik ote hori?
 
Ariketa fisikorik apenas egiten dute gazte askok. Gutxi eskolan edo institutuan, eta okerrago, ezta kalean jolasean ibili ere, garai batean ohikoa zen bezala. Jadanik ez da ikusten futbol partidarik kalean, ezta harrapaketa saiorik ere edo sokasaltorik parke eta jolaslekuetan, eskolatik atera ondoren. Telebistak eta bideojokoek hartzen dituzte aisialdiko tarte ia guztiak. Eta zenbat dira eskolara bizikletan, edo besterik gabe, oinez joaten diren haur eta gazteak?
 
Jolas-orduetan, neskak batez ere, txutxu-mutxuka aritzen dira –eserita, ezta patioan bueltaka ere–. Eta panorama are gehiago iluntzeko, azken aldian Gorputz Hezkuntzari eskainitako orduak murriztu nahi dituztela dirudi.
 
Ikerketa hori Espainiako Estatuko sei autonomia erkidegotan egin da –ez da EAEko edo Nafarroako daturik agertzen–, baina konklusioak gurera ekartzeko modukoak dira. Nerabeek duela hamar urte baino ariketa fisiko gutxiago egiten dute. Eta zer esanik ez gu gazte gineneko garaiekin –orain 30 edo 40 urteko garaiekin– konparatuta. Eta sedentarismo horretatik datozen arazoak kezkagarriak dira. Eskola umeen heren batek, gutxienez, ez du behar adina ariketa fisiko egiten, eta jakina, bizimodu sedentarioari lotutako arriskuak prebenitzeko ezin hobea den jarduera fisikoaren onurak hartu gabe geratzen da. Horrek epe ertainera, hainbat gaitz –obesitatea, hiperkolesterolemia, II tipoko diabetesa edo koloneko minbizia– areagotzea ekarriko du. Hobe, beraz, neurriak garaiz hartzea.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude