Narvik-eko Udala, 'sub-primeen' biktima Artikoan

  • Uda betean gaudelarik, gauerdian ere eguzkia dakusate zirkulu polarretik 200 kilometro iparrerago dagoen Narvik herrian, Norvegian. Aldiz, gainerako guztia daukate ilun: AEBetako “sub-prime” kredituen eztandak airean eraman ditu Narvikeko Udalak inbertsiotarako zeuzkan aurrezkiak.
Narvik herriaren sarreran ipinita dagoen seinalea
Ekaitz gogorrenei aurre egiten ohiturik daude Norvegiako Narvik herrian, baina ametsik gaiztoenean ere ez zuten ikusiko orain gertatu zaiena. Industriak eta turistek ekarritako diruz aberatsa zen beren udala gauetik goizera hondoa jota aurkitu dute, aurrezkiak finantza bitartekarien bidez AEBetako kreditu usteletan inbertituta zeuzkatelako. Esan agur ongizate gizartearen abantailetako batzuei bederen, bolada baterako.
 
“Sub-prime” motako edo kalitate txarreko kredituen krisia hasi berria zenean askok iritzi zioten Estatu Batuetako finantzetara mugatuko zela. Beranduago, eta batik bat 2007ko abuztutik aurrera, mundua ohartu zen finantza krisia planeta osoak nozitu behar zuela. 2008a iritsi da eta finantzetan adituak direnek diote gaur dela eguna oraindik ez dakiguna kreditu ustel yankiek zenbat banku eta zein neurritaraino kutsatu dituzten.
 
AEBetako bankuetako birus horrek oso urrutiko bezeroak gaixoarazi ditu, eta “sub-primeen” kutsakortasunaren eredu gerta daiteke Norvegiako iparraldeko muturrean hondoa jota dagoen Narvik herria.
 
Historia kontuetarako zaletasuna dutenek akorduan izango dute Narvik izena II. Mundu Gerran eduki zuen protagonismoagatik. Bertan gudu famatua burutu baitzuten ingelesek eta alemanek, gerra hasi berritan. Oraindik erraz aurki omen daitezke portuko bokalean hondoraturik dauden gerrako bapore alemanen txatarrak.
 
Gaur Narvikek 18.000 biztanle dauzka eta naturak egin dion opari bati zor dio bere aberastasuna. Karibetik hasi eta Atlantiko aldetik Europa igurtzi ondoren Norvegiako kostalderaino ailegatzen den Golkoko korronteari esker batetik eta inguruan dauzkan mendien babesean bestetik, hain iparrean egoteagatik tokatuko litzaiokeena baino eguraldi gozoagoa dauka urte osoan Narvikek. Hemen ere, udan gauerdiz eguzkia ikusten da eta negu luzean egunak erabat ilunak izan ohi dira, baina kokapen berezia dela medio neguan ere baporeentzako izotzik gabe edukitzen du portua.
 
Norvegian egon arren, Narvik izan da Suediako meategietako burdina garraiatzeko kai hauta, eta azken hamarkadetan berriz turismoa ugaritu da, alpino motako eskia egiteko komenentzia eskaintzen duelako.
 
Baina 2008ko udan gaurik gabeko egun amaiezinak gozatzera iritsi diren turistek kezkaz beteriko biztanleak aurkitu dituzte Narviken. Honen eta Norvegiako beste zortzi herritako udalen aurrezkiak “sub-prime”en suteak kiskali ditu.
 
The Guardian egunkarian Gwladys Fouché-k titulu hau ipini dio kronikari: “Sub-primeen hotzeria Artikoraino iritsi da”. Australian bideozko kazetaritza egiten duen Dateline agentziako George Negus-en erreportajeak (Internetez ikusgai dago) lerroburu hau darama: “Narvik, icebergaren muturra”. Biak mintzatu dira oraindik groggy dauden herritarrekin eta agintariekin.
 
Herriko alkatea Karen Kurvaas-ek ez dio prentsari berba egin nahi. Oposizioko buru Torgeir Traedal-ek bai: “Diru mozketak egongo dira osasungintzan, eskoletan, zaharren zainketan, gazteen taldeetan, kiroletan. (...) Jendeak ez du ulertzen atzerriko krisiak herrian holako eragina izatea. Eskubidea dute haserre egoteko”.

Gerrikoa estutzeko garaiak

Hondamendiaren zimentarriak duela urte batzuk ipini zituzten udal agintariek, Narvikeko diruetatik 30 milioi euro security edo finantza titulutan inbertitu zituztenean. Norvegia bertako Terra Securities broker edo bitartekari ezagunaren bidez egin zuten inbertsioa, munduko banku nagusietakoa den Citigroup famatuaren babesean. Agintariek diote inork ez ziela esan tituluok interes handiak agintzeaz gain arrisku handikoak ere bazirela; haiek uste omen zuten Norvegiako enpresetan ari zirela jartzen herriko txanponak.
 
2007ko udan kredituen merkatua lehertu zenean, Narvik 22 milioi euro gutxiagorekin aurkitu zen bat-batean. Azken mugimendu guztiak kontatuta, 25 milioi euro galdu ditu udalak. Seguru Citigroupentzako baino gehiago esan nahi dutela 25 milioi eurok narviktarrentzako: urte osorako daukaten 125 milioi euroko aurrekontuaren bostetik bat galdu dute.
 
Zinegotziek onartu dute ondoko lau urteetan aurrekontuak %10 murriztea. Oposizioko buru Torgeir Traedal bera suhiltzailea da. “Gaur egun 24 orduko suhiltzaile zerbitzua daukagu asteko zazpi egunetan. Hemendik aurrera egunez bermatuko da zerbitzua, eta gauez bezala asteburuetan suhiltzaileei etxera hots egin beharko zaie”.
 
Irakaskuntza ere udalaren gain doa. Narvik hiri kaxkoaz gain urrutiko auzoz osatuta ere badagoenez, horiek lirateke kaltetuenak. Baliteke hirigunetik 30 kilometrotara dauden eskola batzuk itxi behar izatea. Honek ikasleak kontzentratzea ekarriko du lehenik, guraso askoren lekualdatzea gero, eta okerrenean auzo horietan zaharrak baino ez geratzea.
 
Zaharren zerbitzuek ere nozituko dute. Hala ere, zaharrentzako hori baino are bortitzagoa da haien urte luzetako zergak, seme-alabek eta bilobek etorkizun oparoagoa edukitzekotan eman zituztenak, udaberrian elurra bezala desegiten ikustea. Galera nola gertatu den ezin dute konprenitu.
 
Norvegiako Finantza Agintaritzako Wystein Kleven-ek deklaratu du Terra Securitiesek engainatu egin zituela agintariak. “Terrako brokerrek ez zieten esplikatu zinegotziei tituluon mekanismoetako bat: burtsan beren balioen %55 galtzen bazuten, udalak saltzeko aukera zeukala alegia. Hain zuzen horixe gertatu zen joan den udan, kredituen hondamendia jazo zenean, eta Narvikek are diru gehiago pagatu zuen gutxiago galtzeko itxaropenean. Ez gaude ziur Terrako brokerrek berek ere mekanismoa ongi konprenitzen ote zuten”.
 
Operazioaren azken berme moduan ageri zen Citigroupek gero esan du udalari Terra Securitiesek saldu ziena oso produktu sofistikatuak erostera ohituta dagoen inbertsiogileentzako dela. Bistakoa da herriko etxeak ez direla inbertsiogile sofistikatuak, baina eskaintzen zitzaizkien etekin mamitsuen distirapean ahaztu zuten finantza merkatuko urrezko araua: ez ezazu erosi ondo konprenitzen ez duzun produkturik.
 
Norvegiako Finantza Agintaritzak erabaki du Terra Securitiesek ez zituela zaintzen negozioetako jarduera egokiak eta joan den azaroan lizentzia kendu zion. Baina Norvegiako estatuak ez ditu bere gain hartuko udal honek eta beste zortzik titulu ustelduekin jasandako galerak. Negozioak egiten dira irabazteko bezala galtzeko, beste araurik ez da. 
 
Narvikeko Udalean horrela ohartu dira teorian aholku ematera zetorkien finantza enpresa, aholkuarekin batera, produktuak ere saltzen ari zitzaiela. Globalizazioa zer den ere bai.
Informazio gehiago

ASTEKARIA
2008ko uztailaren 20a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude