Game Over Zaletasunetik arazora

  • Gure bizimodu oparoa albo-kaltez beteta dago. Psikologo eta psikiatrek “Internet-adikzioa” bezalako terminoak zuzenak ote diren eztabaidatzen duten bitartean, sarean edo bidejokoetan behar baino askoz denbora luzeagoa ematen dutenak hasi zaizkie kontsultetara joaten.
Gazte bat joko makinetan
Dani Blanco
Oraindik ere, tabernetako makina txanponjaleetan denbora gehiegitxo ematen duen norbait ikusten dugunean, askori “bizio” hitza datorkigu gogora. Baina bizioa kategoria morala baino ez da, eta ludopatia aspalditik dago Osasunaren Munduko Erakundearen (OME) gaixotasun zerrendetan. 1992an sartu zuten ludopatia estreinakoz Nazioarteko Gaixotasun Zerrendan, baina AEBetako Psikiatren Elkartea hamabi urte lehenago hasi zen bere diagnostiko-gidaliburuetan aipatzen. Denbora igaro da, eta ludopatia tratatzeko bitartekoak asko hobetu eta zabaldu dira. Jokoari iltzatuta bizitzea tunel iluna da betiere, baina irteteko aukerak gero eta ugariagoak dira.
 
Bilbon elkartu gara jokalari anonimo elkarte batekin. Hitzordua baino lehenago iritsita, taberna bat bilatu dugu zer edo zer hartzeko, eta hara non, elkartearen egoitzatik 300 bat metrora, joko-areto bat aurkitu dugun, makina txanponjalez beteta. “Joko-aretoek existitu egin behar dute, jakina –esan digu geroxeago elkarteko kide batek–, diabetikoak ere badaude eta horregatik ez ditugu gozodendak itxiko”.
 
Jokalari baten senidea da hala mintzatu dena. “Gure elkartean garrantzi handia ematen diogu terapian senitartekoek ere parte hartzeari”, azaldu digute. Horren arrazoietako bat da jokalaria, gehienetan, gezurretan aritzen dela elkarteko batzarretara joaten denean, hasieran batez ere. Senideek han egon behar dute, egiaren bozeramaile. “Izan ere, jokalariok arnasa hartu bezain erraz esaten dugu gezurra, nola eutsi bestela gure bizimodu ezkutuari?”. Diru kopuru handiak tartean daudenean ordea, bizimodu hori azalera ateratzen da uneren batean. Neurriak hartzeko garaia da. Eta askok orduantxe jakiten dute gaixoak direla, edo gaixoa dutela senarra, edo emaztea, edo gurasoa.
 
OMEren zerrendak gorabehera, oraindik ez dago behar bezala zabalduta ludopatia tratatu daitekeen gaitza dela. “Niri sekulako lasaitasuna eman zidan gaixo nengoela entzuteak. Familiarekin arazoak hastean, bizioso hutsa nintzela uste nuen, gero konturatu nintzen gaixotasuna zela. Nola egin litezke bestela, egiten ditugun astakeriak? Baina jokoan murgilduta zaudenean ez zara ohartzen arazoa duzunik, nola pentsatu hori gaixotasuna izan daitekeenik?”.

Dirua ez da arazo bakarra

Etimologikoki, ludopatiak “jokoaren gaitza” esan nahi du, baina sailkapen ofizialek –eta baita irudimen kolektiboak ere– joko mota jakin batekin lotzen dute; diru apustuak egiten diren jokoekin, hain justu. Diru galera handiek familiaren ekonomia kolokan jartzera iristen dira, eta hori izaten da gaixoak laguntza bilatzen hasteko behar duen akuilua, laguntza bilatzekotan. Baina ludopatiaren kalte guztiak ez dira ekonomikoak. Dirua ez ezik, denbora asko ere galtzen da. Lagun eta senideekiko harremanak, bazterrean utzita, herdoildu egiten dira, laneko errendimenduak behera egiten du, eta oro har, norberaren bizitza pobretu egiten da, ez baitago ezer jokotik kanpo.
 
Aipatutako ondorio horiek ez dira bakarrik ludopatiarekin agertzen. Taberna askotan, makina txanponjalearen ondoan, bideojoko makina izaten da, merkea, sos gutxirekin arratsalde osoa emateko modukoa trebezia pixka bat izanez gero, eta batzuek hala egiten dute: arratsalde osoa eman dezakete. Diru askorik ez dute galduko, gainerako guztia bai. Azken urteetan ludopatiak gora egin badu, zer esanik ez horrelako joko zaletasunak, lehengo bideo-kontsolei Internet gehitu zaie eta. Ia edonork du etxean nabigatzeko aukera, edozein ordutan eta bizilagunen begirada zorrotza bizkarrean sentitu gabe. Teknologia berriaren aroan gaude, eta albo-kalteek kezka eragiten dute: Interneten behar baino ordu gehiago dabiltzanak, eskuko telefonoari itsatsita bizi direnak… Halaber, antzeko ezaugarriak dituzten beste arazo batzuez gero eta gehiago hitz egiten da, Internet baino askoz lehenago asmatutako jarduerekin zerikusia badute ere: sexu edo lan-adikzioa, erosle konpultsiboak…

Baina adikzioak al dira?

Orain arte adikzio hitza saihestu dugu, psikologian eta psikiatrian eztabaida baitago termino horren erabilerari buruz, hemen darabiltzagun arazoak izendatzeko. Ludopatia joko-adikzio modura definitzen dute askok, baina profesional askoren ustez ez da oso definizio egokia ikuspuntu klinikotik, eta diagnostiko-gidaliburu garrantzitsuenek ez dute hala jasotzen. Nolanahi, bada ontzat ematen duenik. Esaterako, Enrique Echeburua EHUko Psikologia Kliniko katedraduna drogarik gabeko adikzioetan da aditu.
 
Echeburuak azaldu digunez, beti pentsatu izan da adikzioa egon dadin derrigorrezkoa dela substantzia kimiko bat, adikzioek berezkoa duten ezaugarria eragiteko: menpekotasuna, alegia, kontrola galtzea. “Orain ikusi dugu pertsona batzuek jokabide batenganako –adibidez, jokatzea edo Interneten ibiltzea– menpekotasuna garatu dezaketela substantzia beharrik gabe, eta adikzioaren ezaugarri nagusia, kontrola galtzea, agertu egiten dela koadro horietan”.
 
Beatriz Alonso psikologoak Gipuzkoako Ekintza-dasalud elkartean egiten du lan. Bere hitzak erabilita, adikzio psikologikoak dauzkaten pertsonak artatzen dituzte, ludopatak gehienak. Ez dago arazo hauek izendatzeko terminologia finkorik, Alonsok azaldu digunez, “baina psikologook badakigu, izendapena edozein dela ere –adikzio edo portaeraren nahaste–, zein den arazoaren muina: pertsonak ez dauka ahalmenik portaera jakin bat behin eta berriz errepikatzeari uzteko”.

Party line-ak lehen, txat-a orain

Ekintza-dasalud 1994an sortu zen, printzipioz ludopatekin aritzeko. Berehala hasi zitzaizkien bestelako kasu batzuk iristen, adibide bakan batzuk baino ez, Alonsok gogoratu duenez: “Garai hartan arrakasta handia zeukaten party line direlakoek, hau da, jende askok aldi berean telefonoz hitz egiteak, eta adikzio adibide batzuk ikusi ahal izan genituen. Baita telefono erotikoarekin ere”. Artean, Internet ez zegoen batere zabalduta Euskal Herrian. AEBetan ordea, jendeak askoz ohitura eta bitarteko handiagoak zituen sarean nabigatzeko. Ondorioak luze gabe etorri ziren: 1998an, Kimberley Young estatubatuar psikologoak esan zuen Internet-adikzioa arazo bilakatu zela. Ivan Goldberg-ek –psikologoa bera ere– sortutako terminoa baliatu zuen Youngek: IAD, Internet Addiction Disorder.
 
Youngek test bat asmatu zuen –sarean nongura aurkitu daiteke– nork bere adikzio maila neurtzeko, eta Center for Online Addiction sortu zuen, “patologia berria” sendatzeko propio zabaldutako munduko lehenengo egoitza. 2003an beste bat zabaldu zuten Alemanian, eta mundu osoko komunikabideek arreta handia eskaini zioten zorioneko IADari. Eztabaida pil-pilean zegoen eta halaxe segitzen du: Internet-adikzioa ez da existitzen, diote profesional askok, eta berdin esan liteke “droga gabeko adikzio”, “adikzio psikologiko” eta antzeko izendapenak dauzkaten gainerakoentzat.

IAD, txantxa batetik sortutako terminoa

Helena Matute Deustuko Unibertsitateko Psikologia katedradunak sarean izugarri zabaldu den artikulua idatzi zuen gai honetaz. Interneten denbora gehiegi ematea telebista gehiegi ikustearekin edo beste edozein zaletasuni denbora luzeegia eskaintzearekin konparatzen du Matutek, eta Leonard Holmes psikologoaren hitzak bere egiten ditu: nola esan dezakegu zein den Interneten erabilpen okerra, oraindik ez badakigu zein den erabilpen “normala”? “Urte batzuk barru, gaur telebistari eskaintzen diogun denbora bera Interneten emango dugunean, dagoeneko existitzen diren nahaste mentalak Internet-adikzioari leporatuko al dizkiogu?”, galdetzen du Matutek. Eta Kimberley Youngek berak emandako datua erabiltzen du hark zabaldutako IAD kontzeptua hankaz gora jartzeko: sareari kateatuta denbora gehien ematen dutenak Interneten ibiltzen denbora gutxiago daramatenak dira. Nolabait esateko, hasierako liluraren eraginez ordu asko ematen ditugu pantaila aurrean, baina gehienetan, denborarekin gauzak beren onera datoz ostera. Bide batez, Matutek dio IAD terminoa txantxetan asmatu zuela Ivan Goldbergek, nahiz eta berehala askok serio hartu zuten eta, ikusten denez, etekin ederra atera ere bai.
 
Ez Matutek ez inork ez du ukatzen ordea, Interneten nahiz bestelako teknologia batzuen erabilpen okerrak arazoak sor ditzakeenik, gehienetan aurrez existitzen zen gaitzak azaleratuz. Gaiak komunikabideen arreta jasotzen du noizean behin, eta denok asaldatzen gara kasu larrienen aurrean. Pertsona batzuk ospitaleratuak izan dira on-line jokoetan denbora gehiegi emateagatik, eta orain dela astebete bideojokoekin tematuegi zegoen gazte baten zaletasunak –zalekeriak agian hobe?– tragedia ekarri zuen Katalunian, neskalagunaren seme txikia hil baitzuen kolpez, hark mandoak ukitu eta jokoa galdu arazi ziolako.
 
Argi dago beraz Interneten ibiltzeak portaeraren nahastea eragiten diela zenbaitzuei. Batzuetan, sarea bera da liluratzen duena: posta elektronikoa behin eta berriz begiratzeko beharra dago, edo behin eta berriz webgune berera sartzekoa. Interakzioa eskaintzen duten web orriek dute gaitasun handiena erabiltzailea gupida gabe erakartzeko, batez ere harremanak gauzatzeko zailtasunak dituzten pertsonak badira. Arazoa aurretik zegoen, beraz.
 
Beste batzuetan, pornografia eskuratzeko tresna bilakatzen da sarea, edo jokatzekoa. Bideojokoak Interneten eskuratzen dira orain, eta kasino birtualek ez dakite, momentuz, krisia zer den. Internet, hortaz, beste zaletasun batzuk asetzeko tresna izan daiteke, eta ez zaletasuna bera. Multzoa osatzeko, sakelako telefonoak ditugu, beren parafernalia eta guzti. Kasu askotan, adinez beherakoak dira “neoizko argi” moderno hauen atzaparretan amaitzen dutenak, eta horrek bereziki kezkatuta ditu psikologo eta psikiatrak, Beatriz Alonsok azpimarratu duenez.
 
Gaiak nolabaiteko alarma soziala pizten duen arren –kasu larri eta bakan horiekin lotuta sarri–, eta arazoa gero eta zabalduagoa dagoen arren, gutxi dira oraindik honelako gaitz batekin kontsulta espezializatura joaten direnak. Ekintza-dasalud elkartean, esaterako, hartzen dituztenen %90 ludopatak dira. Internet edo eskuko telefonoarekin arazoa daukatenak ez dira gehiegi, eta esku bateko atzamarrekin zenbatu litezke sexu edo lan-adikzioa bezalako gaitzengatik azken bost urteetan joan zaizkienak. Ez dago datu askorik, eta zaila da jakitea zenbatek duen halako nahasteren bat. Ondorioak ez dira ludopatiarenak bezain agerikoak, eta gaixoak denbora luzeagoan eutsi diezaioke bizimodu bikoitzari. “Ezkutuko adikzioak”, deitu die Beatriz Alonsok.

Gaitz bakoitzak bere tratamendua

Ludopatia tratatzen eskarmentua dute profesionalek, eta pentsa liteke oraingoz sailkatzeke dauden gaitz “berriago” hauen aurrean modu berean jokatu behar dela, baina ez da hala. Ludopata artatzean, sekula gehiago ez jokatzea da helburua, alkoholikoek sekula gehiago ez edatea den bezala. Aldiz, sexu-adikzioaren irtenbidea ezin daiteke izan sexu-abstinentzia erabatekoa, eta erosle konpultsiboari ezin zaio eskatu bizitza osoan ezer ez erostea. Ekintza arruntak dira, eta gaixoak normaltasunez egin ahal izatea da xedea. Gauza bera esan daiteke
Omega 3-a, tentazioarentzat harresia
Javier Aizpiri bizkaitar neuropsikiatrak urte askoko eskarmentua dauka ludopatia gaixoekin lanean, baita portaeraren bestelako nahaste batzuk aztertzen ere. Adierazi digunez, ludopatia eta enparauak ia inoiz ez dira bakarrik agertzen: “Ludopatak, gehienetan, beste pare bat nahaste konpultsibo izaten ditu. Kafe edo alkohol asko edaten du, edo substantzia estimulagarriak hartzen ditu, edo hutsune handiak ditu dietan… Edo agian dena batera”.
 
Nahaste horiek eta joko-adikzioa lotuta daude –“adikzio” hitza darabil Aizpirik ere, portaeraren arazoak eta substantzia batenganako adikzioa guztiz bereizten dituen arren–. “Pertsona bat gai bada makina batekin jokatuz bere bizitza hondatzeko, pertsona horren garun-azala ez dago ondo. Alkoholez, edo kafeinaz, edo sendagaiz, edo beste zerbaitez intoxikatuta dagoelako”. Tabakoa ere tartean izaten da maiz, eta dieta desegokia gehienetan. “Oso ohikoa da halako nahasteak dituztenen dietan oso fruitu gutxi egotea, eta baita oso omega 3 azido gutxi ere”.
 
Aizpiriren esanetan, omega 3 azidoen garrantzia ez da gutxiestekoa, burmuin barruan ematen diren inpultsu elektrikoez “babesten” baikaituzte. “Neuronak inguratzen dituen koipea da omega 3-a. Hari esker, inpultsu elektrikoa ez da hain erraz sartzen, eta ematen zaion erantzuna modulatuagoa da, pentsatuagoa”. Omega 3 azido gutxi daukan burmuinak –are gehiago kafeinan edo beste sustantzia estimulagarri batean blai badago– nekezago egiten die aurre inpultsuei, edo, hizkuntza kaletarragoa erabilita, tentazioei.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude