"Ez dut ondo ulertzen adituek baserriko matriarkatuaz esana"

  • 1948, Lesaka. Gizarte Psikologian doktoratua. Gizarte eta komunitate esku-hartzean espezializatua. EHUko irakasle titularra da Gizarte Psikologia fakultatean. EHUko errektoreordea izana. Gaur egun, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundearen defendatzailea da. Iruñera ikastera joan zen arte, hamalau urterekin, baserri giroan hazi eta hezi zen, sei anaia-arrebako sendian. Bi alabaren ama da: “Familiako rolak eta funtzioak gure baitan oraindik ere oso sustraituak daude” adierazi digu.
Maite Erro
Dani Blanco
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundea berria da. Sexu-ziozko diskriminazio esparrua lantzen du sektore pribatuan, eta sektore publikoan ere eginkizunak ditu: “Salaketa jasotakoan sexu-ziozko diskriminazioa ote dagoen aztertzen dugu. Emakumea diskriminatua izateko elementu objektiborik ez dagoela jabetu ondoren, gure gomendioa egiten dugu. Orain arteko gomendioen %50 bete da” adierazi digu Maite Errok.
 
Berdintasunerako defendatzailearen iritziz, “gure eskubideen ezjakintasun handia dago. Ez baditugu ezagutzen astakeriak aise egiten eta onartzen ditugu. Gure eskubideak ezagutzeko sortzen dira erakunde publikoak”. EAEn, 2005ean, Eusko Jaurlaritzak bultzatua eta Eusko Legebiltzarraren borondatez onartu zen Berdintasun Legea. Eta ondorioz Maite Errok zuzentzen duen erakundea.

Baserrian jaio izanak zer eman zizun?


Gauza asko. Eta horietako asko egun betetzen dudan lanpostuarekiko kontrajarriak dira. Batetik, amak ahizpa eta bioi gizonekiko menpekotasun ekonomikoa gaitz okerrena zela errepikatu zigun. Mezu horrek eragin izan du nire bizitzan. Bestetik, aitak arrantzan eta ehizean erakutsi zigun. Bitxia zen. Portaera horrek bizi iraupenarekin zerikusia zeukan, aitak kontrajarriak ziren jarrerak baitzituen. Esaterako, ama abere txikiez arduratzen zen: oiloak, untxiak, txerriak... kudeatzen zituen. Aitzitik, zekorrak saldu behar zirenean, tratulariarekin aita jartzen zen harremanetan. Edo, iratze moztea aitak egiten zuen eta patata ateratzea amaren eginkizuna zen. Lanetan sailkapena zegoen, alegia. Gerora, hainbat adituri irakurrita, ez nuen ondo ulertu hauek zer esan nahi zuten gure baserriko matriarkatua aipatzean. Beraz, ez dut inoiz ondo ulertu zer zen matriarkatua. Rolak, ardurak eta funtzioak modu erabat tradizionalean sailkatuta jaso nituen. Batetik berdintasun tratu berdina zen mutil eta neskentzako, eta bestetik ezberdintasun horiek zeuden.

Zergatik ikasi zenuen psikologia?


Gauzen zergatia argitzeko interes berezia dudalako betidanik: “Zergatik pertsona horren portaera? Zergatik egin du hori horrek?” galdetzen nuen. Psikologia ikasi izanak naturarekin zer ikusia du nire kasuan. Naturan eta baserrian faseak eta prozedurak finkoak dira, ez dago ustekaberik, eguraldiaren eraginez ez bada. Pertsonok aldiz ez dugu beti modu berdinean jokatzen. Gauza bat espero dugunean beste bat gertatzen da. Pertsonaren fenomenoak ulertzeko irrika handia izan dut beti.

Nola ikusten dituzu pertsona horiek egungo gizartean?


Gizarte berdina ez den batean bizi gara, ezberdintasunak bizi dituen gizartean. Lehen pausoa horren kontzientzia edukitzea da, emakumeak kontzientzia edukitzea bereziki. Ezberdintasunak daude lan munduan: soldataren inguruan, goimailako postuetara iristeko diskriminazioa dago, emakumeari gustatzen zaion arloan lan egitea ezinezkoa izaten zaio sarritan. Segregazio edo bereizketa horizontala hortxe dago, baita segregazio bertikala ere, kristalezko sabaia hor dugu. Datuek ezberdintasuna agertzen dute, nahiz eta balore berdineko lana egin. Europan, batez beste, emakumeok orokorrean %15 gutxiago irabazten dugu.

Berdintasunerako defendatzailea izanda egoera aldatzeko ari zara lanean.


Eta aldatu da. Aldaketak eman dira politika arloan. Eusko Legebiltzarrean, adibidez, emakumeen parte-hartzea altua da. Baina, adibidez, orain gutxi Iberdrolaren 75. urteurrena ospatu zen eta ospakizuna bezain ozen entzun genuen bere Administrazio Kontseiluan emakume bat esertzen zela lehen aldiz. Edonola ere, Confebaskeko presidenteordea eta LABeko idazkari nagusia emakumeak izatea aldaketa izugarriak dira. Bestalde, kontua ez da bakarrik legea izatea, berau ondo ahalbidetzea baizik, baita pertsonaren ereduak eta baloreak nola transmititzen diren lantzea ere. Kontua da errealitatean eta eguneroko bizitzan berauek ea aldatzen diren.

Alegia...


Nik haurtzaroan bizi izan nituen kontraesanak ikusten ditut. Alegia, aitak tratu berdina eman zigun neska-mutilei, baina gizonen rolak eta funtzioak garrantzizkoenak ziren etxean eta gizartean. Adibidez, aitak ekartzen zuen dirua etxera –aitak baserriaz landa Iberdueron lan egiten zuen; egungo Iberdrolan–, soldata sobre batean ekartzen zuen, eta, sukaldean bizkarra emanda, amari dirua ematen zion handik. Sobrea berriz sartzen zuen sakelan. Amak “ez dakit zenbat irabazten duen” esaten zuen. Hau da, orduan zegoen botere banaketa ez dakit zenbateraino aldatu den, egun ere botere guneak, lobbyak, gizonen eskuetan daude.

Unibertsitatean eta hezkuntzan, oro har, nola ikusten duzu neska eta mutilen arteko berdintasuna?


Unibertsitateko ikasleen %60 neskak dira. Zein ikasketa motak aukeratzen dituzten da koska. Oraindik ere, gehienbat zainketarekin eta heziketarekin zerikusia daukaten karrerak aukeratzen dituzte: erizaintza, pedagogia, psikologia... Irakaskuntzari lotuak dira neska gehienak. Honek eredua errepikatzea dakar, eta berau errepikatzen den heinean aldaketa gutxi dago. Hau da, zer eredu transmititzen dugu? Haur hezkuntzan mutil irakaslerik ez badago, hezkuntza emakumeen gauza dela transmititzen dugu.

Gizonok zer edo zer ekarri dugu eredua transmititzerakoan?


Ez da emakumeen gauza bakarrik, noski. Gizonezko batek gure erakundean honelako kexa hau jarri zuen orain gutxi. Gizona saltoki handi batean zegoen eta bere umetxoari fardela aldatu nahi zion. Aldatzeko lekua ordea emakumeen komunean zegoen eta ezin zuen han sartu. Gizonak bere ardura bete nahi zuen, baina agerian geratu zen rola emakumearena dela. Gertatu zitzaiona salatu zuen. Ohitura hauek mendez mende datoz, zaila da mundua antolatzeko modua aldatzea, eta aldatzeko guztion konpromisoa behar da.


Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundea sortu zenean konpromisoa ez ezik, ezagutza eskasa ageri zen instituzioetan beraietan. Bi urte joan dira harrezkero.


Ezjakintasuna eta mesfidantza ere izan ziren. Zer da hau?: “Beste txiringito bat gehiago” pentsatu zuen bateren batek. Erakundea arrotza zela konturatu nintzen, baina esperientzia izugarria izan da. Apirilean, alderdi guztietako ordezkariekin Oslon eta Helsinkin egon ginen hango berdintasunerako erakundeak bisitatzen. Berau zer den ezagutzeko parada izan dute gure ordezkari politikoek: nola lan egiten den, zein esparrutan, zein baldintzetan eta baita herrialde horietan defentsa erakundeek duten eraginkortasuna eta legitimitatea ere. Izan ere, defentsa erakunde horietan jasotzen diren eskaera eta kasuak defentsa erakundean bertan argitzen dira, epaitegietara jo gabe. Halaber, maiatzean, 2007ko txostena aurkeztu genuen gure Legebiltzarrean. Erakundea zoriondua izan da lan zorrotza eta objektiboa egin duelako.


Lehen urteko txostena aurkeztutakoan alderdi politiko zenbaitek erakundeak eragin apala izatea leporatu zizuten, herritarrek salaketa gutxi jarri izana, alegia.


Zenbakiak adierazle objektiboak dira, eta zenbait gauzatarako erabilgarriak, noski. Baina eraginkortasuna ezin dugu zenbakietara mugatu, ezin ditugu gauza guztiak zenbakien arabera neurtu. Ikerketa batek gizarte mailan izan dezakeen eragina baloratu behar da. Esaterako, martxoan ama banandu batek “bere seme-alabekin bizi zela eta alabak hemezortzi urte bete zuenez PFEZan (Errenta Aitorpenean) baterako zerga-ordainketarako eskubidea galtzen zuela” esateko idatzi zigun. Hau da, adin heldua iritsitakoan eskubide hori galtzen da familiaren barruan. Ordea, bere bikotekide ohiak, ekarpenak desgrabatzen jarrai zezakeen mantenu-pentsioaren kontzeptupean seme-alabak 30 urte bete arte.

Ondorioz...


Legedia, PFEZren foru araudia, ondo aztertu genuen eta zeharkako diskriminazioa zegoela ikusi genuen, hain zuzen ere EAEn guraso bakarreko familien %80ak ama dutelako buru. Itxuraz neutroa den arau batek, bere aplikazioan emakumeekiko zeharkako diskriminazioa sortzen duela ondorioztatu genuen. Hori dela eta proposamen bat egin genuen lege normatiboa aldatzeko eta berau hiru foru aldundietara bidalia izan zen. Proposamena adinak parekatzekoa da, aldaketa onartuko balitz, hau da, 30 urteko muga egoera ezberdinetan jartzea, ondorioz 28.000 familia onuradunak izango lirateke. Ekimen bakarraren eraginkortasuna baloratu behar da, baita bidegabekeria emakume horri esker ezagutu izana ere.

Diskriminazioa egon badago, diskriminatu izanaren kontzientzia berriz?


Duela hilabete bat beste emakume batek, ama izan berriak, deitu zigun “lanera bueltatu naiz eta lanik ez dagoela esan didate” esanez. “Hau egin ahal dute?” galdetu zigun. Amatasun bajan izana zen eta zainketarako hiru hilabeteko eszedentzia eskatu zuen. Lanera itzuli zen eta lanik ez. Epaitegira joateko moduko egoera zela, baina lehenago enpresara joko genuela esan genion. Deitu genuen eta enpresak honela esan zigun: “Langileen egoera kanpoko aholkularitzak darama eta halaxe jokatzea gomendatu digute”. Aholkularitzara deitu genuen eta haien erantzuna hauxe: “Hiru hilabeteko eszedentzia erabat boluntarioa izan zela interpretatu dugu”. “Lege organikoa irakurria al duzue?” adierazi genien. Zainketarako eszendentzia ez da boluntarioa umeak hiru urte bete arte. Lege organikoak haurdunaldiaren inguruan tratamendu zehatza dauka. Enpresari eta aholkularitzari legea ondo irakurtzeko gomendioa egin genien eta emakumea biharamunean lanean onartu zuten. Emakume hau bizkorra izan zen, bestela lanik gabe etxean legoke. Gure erakundearen berri zeukan eta pozgarria da.


Ibarretxe lehendakariak izendatu zintuen. Izendapenean, XXI. mendeko proiektu politiko garrantzizkoena emakumearen eta gizonaren berdintasuna lantzea dela esan zuen.


Unibertsitatean nengoela, erdaraz mintzatzen zenean, Ibarretxek hizkuntza inklusiboa erabiltzen zuela gogoratzen dut: las vascas y los vascos delakoa. Hainbat hedabidetan barre egin zioten. Ibarretxe aitzindaria izan zen. Ikusi baino ez dago gaur egun telebista eta irratietan nola saiatzen diren, erdaraz nahiz euskaraz, hizkuntza sexista ez erabiltzen, hainbat termino oraindik ere sexistak baitira. Orain urte batzuk politikan inork erabiltzen ez zuen hizkuntza erabiltzen lehena izan zen Ibarretxe. Horrek konpromisoa adierazten du, tratu berdinaren aldeko portaera garbia. Ibarretxe lehendakariak sentsibilitate berezia dauka, eta ahal duen neurrian eta aldietan diskriminazioa edo tratu ezberdina salatzen ditu.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude