Karlos Zabala itzultzaileak André Malraux idazle frantziarraren Esperantza eleberria euskaratu du, eta Karlos del Olmok Malcolm Lowry ingelesaren Sumendiaren azpian obra. 1936-37an idatzi zituzten bi liburu horiek, eta orain Literatura Unibertsala bildumaren baitan argitaratu dituzte Alberdaniak eta Elkarrek.
Borja Cobeaga zinemagilearen lehenengo film luzea, Pagafantas, Bilbon filmatzen hasi dira. Zuzendariak azaldu duenez, “neska politaren atzetik dabilen eta ezer lortuko ez duen memeloari buruzkoa da pelikula”. Gorka Otxoa eta Sabrina Garciarena izango dira filmeko protagonistak. Udaberrian estreinatuko dute.
Kosta bat, lau begirada izeneko argazki erakusketa paratu dute Donostiako Kutxa Boulevard Aretoan. Koldo Badillo, Isabel Diez, Raul Esteban eta Asier Castro argazkilarien irudiak jarri dituzte ikusgai. Erakusketa abuztuaren 3a arte egongo da zabalik.
Gonzalo Chillida margolari donostiarra, Eduardo Chillidaren anaia, joan den astean hil zen 82 urte zituela. Margolari eta grabatzaile honen lana abstrakzioan kokatzen da, paisaia gaiak askotan jorratu zituen arren. Euskal Herrian ez ezik nazioartean ere aurkeztu zituen erakusketak, Espainian, Frantzian eta Italian, besteak beste.
Batekmila. Euskal Munduak izeneko erakusketa Kanbon dago ikusgai hilaren 11tik abuztuaren 15era, eta Hendaian, berriz, abuztuaren 22tik irailaren 21era. Erakusketa ibiltari horren helburua euskara eta euskal kultura ezagutzera ematea da gaur egungo hainbat artisten lanekin. Euskal Herriko eta diasporako euskal munduak ditu aipagai lau hizkuntzatan: euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez.