Lizentziaren ezpata buru gainean

  • Duela mende laurden euskara indartzeko, bidegabekeriak salatzeko eta aldarrikapenen bozgorailu izateko proiektua erein zuten Gasteizen. Orain, ikus-entzunezko lege egitasmo berriak Hala Bedi irratiaren biziraupena kolokan jar dezake.
Hala Bediko lan taldea
Alex Larretxi
1980ko hamarkada hasierako Gasteiz hura apaiz eta militarren hiri grisa zelako topikoa azkenekoz Iñako Ziarsolo Hala Bediko kideari entzun diogu. Haatik, giro ilun horrek sortu zuen sutegiak beratu zuen belaunaldi berri baten distira, Txema Ramirez de la Piscina Kazetaritzan doktore eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslearen aburuz: “Egia da Gasteiz beti izan dela hiri kontserbadorea; baina, aldi berean, hainbat mikroklima desberdin sortzeko eta garatzeko gai den eremu urbano interesgarria da. Hori orain gertatzen da, baita duela hogeita bost urte ere. Bestela, Hala Bedi sortzea ezinezkoa zatekeen. 1983ko Hala Bedi hura probokazio hutsa zen; hiriko beatoei zuzendutako satira ateoa, agian ez oso pedagogikoa. Bere funtzioa bete zuen 1980ko hamarkada zoro eta gogor hartan”. Hala uler daiteke irrati libre horrek hastapenetan aurrera egiteko izan zuen bidegurutzea: debekuak, itxierak, zigor ekonomikoak, Polizia Nazionalaren bisitak… Kontuak kontu, ekimena zapuzteko ahalegin oro kamutsa izan zen.
 
1983ko abuztuaren 5ean egin zuten lehen emisioa. Arabako hiriburuan egiten ziren prozesio ateoetako kideek, gerora gaztetxearen sorreran izan ziren horiek, erein zuten Hala Bedi izenez sortu zen uzta. Orduan, ia dena gaztelaniaz egiten zuten. Urteak aurrera joan ahala, euskararen presentzia handituz joan da, baita programen kalitatea ere.
 
Garoñako zentral nuklearraren inguruko ika-mika puntu gorenean zegoenean jendarteratu zen irratia. “Gizarte mugimenduei ahotsa ematea zen irratiaren oinarria. 25 urte igaro arren berdin jarraitzen dugu. Orain AHTaren eztabaida pil-pilean dago eta egunero egiten dugu horren jarraipena. Eragileen ideiak plazaratzeko bitartekoa izan da irratia”, diosku Ziarsolok.
 
Koskortu ahala Euskal Rock Erradikala delakoaren eragina nabaria zen. Dena den, 1990eko hamarkada hasieran irratia eraldatu egin zen oinarrietatik abiatuta. “Ez zuen zentzurik punk irratia egitea entzule punkyak besterik ez izateko. Programak egiterakoan gehiengoarengana iristen ahalegindu ginen, irratia aberastuz eta garai ezberdinetara egokituz. Neurri batean asmatu dugulakoan nago”.

Irratiaren erraiak

100 lagun inguru aritzen dira irratiak dituen 30 irratsaio ezberdinetan, euskaraz eta gaztelaniaz. Alde teknikoaz arduratzen den liberatu bat izan ezik gainontzekoak afizioz aritzen dira, ofizioz baino. Ziarsolok dioenez, “ordaintzen ez den eskulana da hoberena. Proiektu batean, komunikatzeko modu batean sinesten dugu eta hori da komunean dugun ondasun bakarra”.
Halabelarriak izeneko bazkideak dira Hala Bedi irratiaren bizkarrezur, diru-sarreren %70 inguru. Horretaz gain, ekonomikoki iraun ahal izateko diru sarrera alternatiboak bilatu dituzte: kontzertuak, txosnak, zozketak, taberna bat ere badute irratiaren izen berarekin. Sekula ez dute iragarki komertzialik sartu. Hori egin izan balute libre izaera galdua lukete honezkero Ziarsoloren ustean. Uneotan Halabelarri gehiago lortzeko kanpainan murgilduta daude.
 
Araba da irratiaren muga, nahiz Suelta la olla goizetako magazina, audientziarik gehien duena, Bilbon ere entzuten den Tas-Tas irrati librearen bidez.
 
Nolakoa da egungo Hala Bedi? Honatx Ramirez de la Piscina irakaslearen erantzuna: “Gaur egun, orduan bezalaxe, hiria osatzen duten hainbat mikroklima horietako bat da, helduagoa, modernoagoa eta baliabide askoz gehiagorekin”.

Lizentziarik gabe ezin

Eusko Jaurlaritzak ikus-entzunezko dekretu berri baten zirriborroa osatu du. Bi hitzetan esateko, lizentziarik gabe ezin uhinetan segi. Hainbat irrati librek jakitera eman duenez, neurri horren xedea FM diala garbitu eta irratiak irenstea baino ez da, eta dekretua ezbaian jartzen dute. Hala Bedik jaso du zirriborro horren ale bat eta Ziarsolok esan digunez, lehiaketa bat egingo da lizentzia eskuratu ahal izateko. “Irrati libreek ere aurkezteko aukera dugu, baina nola lehiatu gaitezke irrati komertzialekin? Toki beretik abiatuta ere desabantailan gaude. Instituzioek babestu egin beharko gintuzkete eta ez ezabatzen ahalegindu”. Ramirez de la Piscinak ere argi du gobernuek irrati asoziatibo edota komunitarioei aukera eman behar dietela euren esparru propioa izateko. “Hortik jo beharko luke Jaurlaritzak berak ere. Legea talde handien neurrira egiten baldin bada… Hori adierazpen askatasunaren aurka doa”.
 
Irratiaren nortasuna eraiki zuten ideia berberak mantenduz emititzen jarraitzea, hori da Hala Bediren berehalako erronka. Aurreko 25 urteetan duintasun osoz biziraun dute eta biharko egunean beste horrenbeste egiten ahaleginduko dira inolako zalantza izpirik gabe.

ASTEKARIA
2008ko uztailaren 20a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude