argia.eus
INPRIMATU
Asel Luzarraga
Denok gabiltza idealizatu ditugun kontuen atzetik
Pilar Iparragirre 2008ko uztailaren 20a
Asel Luzarraga
Gari Garaialde / A.P.

Zure alter ego-a al da errealitatetik jasotako oharrak lapurtzen dizkioten idazlea?


Hori gustuko dudan jolasa da, irakurleari pertsonaia nirekin identifikatzeko bidea ematea. Baina berez ez du zerikusi handirik nirekin. Nire lan egiteko modua oso bestelakoa da, batez ere oroitzapenetara jotzen dut ideien bila eta oso ohar gutxi hartzen dut. Liburu baterako ideia pizten zaidanean bai, horretarako apunteak biltzen ditut, baina bestela gogoan geratzen zaizkidan kontuak liburuetan ager daitezke, eta bidean galtzen direnak galdu eta kito.

Pertsonaia guztiak irrika baten atzetik dabiltza, baina azkenean porrotaren mingotsa ezagutzen dute.


Denok gabiltza neurri batean edo bestean idealizatu ditugun kontuen atzetik. Askotan barrura begiratzea ahazten dugu eta kanpoko gauza materialen, espiritualen edo ideologikoen esku uzten dugu zoriona. Barruan sentitzen dugun hutsa beteko digun haren bila bizi gara. Alferrik gehienetan. Bizitzak, patuak, gainera, ez dizkigu ematen gure merituen edo hobenen arabera merezi ditzakegun zigor edo sariak. Horregatik, nire pertsonaia batzuekin zoria krudela da, amaiera ironikoak gorde dizkie. Beste batzuek zorte hobea dute. Hor dago malaysiar maitagarriaren patu latza, edo kenyarrarena. Niretzat pertsonaia oso bereziak biak ere.

Jad palestinarrari eskaini diozu liburua.


Egia esan Jad, benetako palestinar laguna, liburua bukatu ondoren ezagutu nuen, Vientianen, eta nire pertsonaiarekin zeukan antzekotasunak harritu ninduen. Alde oso handiak ere badauzka, eta zorte hobea opa diot.