argia.eus
INPRIMATU
Aholku batzuk bidaia hasi aurretik (Unai Brea)
Unai Brea @unaibrea2 2013ko maiatzaren 06a
Autostop egitea atzamar potoloa erakustearekin lotzen dugu, baina bidaia luzeak egiteko hobe izaten da beste taktika batzuk erabiltzea. Autobide bazterrean jartzea debekatuta dagoenez, gasolindegiak dira autostop egin duenaren “lantoki” onena. Hitz egin, galdetu, bilatu... Kamioilariak pagotxa dira, eskarmentu handia dutenen esanetan: bakardadeak jota daude eta eskertu egiten dute norbait aldamenean edukitzea. Gainera, normalean ibilbide luzeagoak egiten dituzte auto gidariek baino. Abiadura motelagoa izan arren, gehiago aurreratzen da horrela.
 
Itxura ona izatea nahitaezkoa da. Gidariarengan konfiantza eragin behar dugu, eta horretarako komeni da garbi eta txukun agertzea. Zerbait “eskaintzea” ere lagungarria izan daiteke. Hizkuntza desberdinak hitz egiten diren herrialdeak zeharkatuz gero, norberak dakizkienak errotulu batean idaztea amu ona da batzuetan; atzerrian dabilen gidariak bere hizkuntzaz jardun ahal izate hutsagatik onar dezake norbait eramatea aldamenean. Elkarrizketaren ekimena hartu zaituenari uztea gomendatu ohi da, baina ez dago arau finkorik, senak aginduko du kasu bakoitzean zer egin.
 
Euskal Herritik abiatzeko, jakizu Frantziako Estatuan gidariak sarriago gelditzen omen direla Espainiako Estatuan baino. Europan, zenbat eta ipar-ekialderago, errazago. Alemania tradizio handiko herrialdea da, baina denetan buru Baltikoko itsasertzekoak dira: Lituanian, Letonian eta Estonian ia kirola da autostopa. Lehiaketak eta guzti antolatzen dituzte, leku jakinera nor lehenago iritsiko.