argia.eus
INPRIMATU
Abarrak: Hondartzan irakurri hau, mesedez
Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2008ko uztailaren 17a
Ilegorriaren emaztea, Bill S. Ballinger (Igela, 2007), 354 orrialde.
Itzultzailea: Xabier Olarra

 
«– Zer diozu zuk, maitea? –esan zuen Turnerrek Mercedesi begiradaz galdezka.
 
– Badakizu zuregatik zer sentitzen dudan –erantzun zuen berak, irmo–. Nazka ematen didazu».
 
Mercedesek bere senarra hiltzat eman zuen gerrara joan zenean eta beste batekin ezkondu zen. Albert Turner dirudunarekin. New Yorkeko luxuzko etxean ate joka ari da ilegorria. Ez zegoen hilda eta orain emaztea berreskuratu nahi du. Tiro batek ezkonduko ditu berriro Hugh eta Mercedes. Ihes egiteko ordua da.
 
Bill S. Ballingerrek itxuraz oso egitura erraza eman zion 1957an Ilegorriaren emaztea nobelari: kapitulu bakoitiek hilketaren ondoren ihes egingo duen bikotearen gorabeherak azaltzen dituzte; bikoitietan berriz, kasua ikertzen ari den polizia mintzo zaigu.
 
Marko horrek protagonisten bizitza bisturiarekin ebakitzea ahalbidetu zion Ballingerri. Klase diferentziek Mercedes eta Hughen amodioan zulatutako lubakia aurkituko du poliziak ikerketan. Neskaren familiak ez zuen Hugh begiko. Hughek familiaren mailan egon nahi zuen, baina ezin izan zituen medikuntza ikasketak bukatu.
 
Ilegorria hurbileko sentituko du poliziak, bien posizioak –gaizkilea eta ongilea, nolabait esateko– ezbaian jartzeraino. Baina biek badakite azkenean gizon bakarra geratuko dela zutik. Norbaitek esan zidan behin pertsonak egon badaudela, baina haiei eragiten dien inguruak irabazten duela beti.
 
Mercedesek bere hautu seguru eta hotzekin gidatuko du ihesaren norabidea. Azken hildakoaren kolorea ere bere erabakiaren araberakoa izango da. Dena dela, emakumearen ekintzek protagonismoa bi gizonei itzuliko diote beti. Esan liteke, eta barka futbol mundura jauzi egitea, Mercedes nobela honetan Gennaro Gattuso dela: gutxi ikusten den lana egiten du, baina ezinbestekoa da.
Ballingerrek erremateko tiroa gorde zuen azken orrirako. Liburua bukatzean bigarren irakurketa egin daiteke azken esaldiari esker. Maisulana.