argia.eus
INPRIMATU
Asel Luzarraga giza obsesioez eta zoriaz
  • Asel Luzarraga ::Abaraska

    Txalaparta

    Orrialde kopurua ::252

    prezioa ::18€

Pilar Iparragirre 2008ko uztailaren 20a
Abaraska liburuaren azala
Irrika biziz pertsonaien bila dabilen idazlea, estasia lortu nahi lukeen emakumea, hilotzak pilatzen gozatzen duen erailea, herri guztietako hizkuntzak ikasi nahi dituen neska edo bake bila dabilen palestinarra bezalako pertsonaiez osaturik dago Abaraska, Asel Luzarragaren (Bilbo, 1971) azken liburua. Maskaren atzetik etengabean; harreman sexuala proposatutakoan ezezkoa lortu nahian; edota sorgin-belarra eskuratzeko grinaz dabiltza bere pertsonaiak. Erleek eztia gordetzeko erlauntzaren barruan prestatutako zulotxoen modukoa baita liburua: edozein bazterreko pertsonaiak ditu, bakoitza bere obsesioarekin, baina guztiak hari fin batez lotuak kontakizunean zehar. Euren bizitzari zentzua emango dien zerbaiten bila dabiltza protagonista guztiak, baina gehienak porrotaren mingotsa ezagutuko dute. Eta horrek, kasu batzuetan, poztu egingo du Abaraska-ren irakurlea, baina ez beti. “Azken finean, munduak, bizitzak, patuak, halakorik badago, ez dute gure moral ikasien arabera jokatzen. Unibertsoak ez du moralik, ez etikarik, ez onik, ez txarrik. Gauzak gertatu egiten dira. Gu gara gertaera horiei azalpen ‘logikoa’ bilatu nahi diegunak”, dio egileak.
Denok gabiltza idealizatu ditugun kontuen atzetik

Zure alter ego-a al da errealitatetik jasotako oharrak lapurtzen dizkioten idazlea?


Hori gustuko dudan jolasa da, irakurleari pertsonaia nirekin identifikatzeko bidea ematea. Baina berez ez du zerikusi handirik nirekin. Nire lan egiteko modua oso bestelakoa da, batez ere oroitzapenetara jotzen dut ideien bila eta oso ohar gutxi hartzen dut. Liburu baterako ideia pizten zaidanean bai, horretarako apunteak biltzen ditut, baina bestela gogoan geratzen zaizkidan kontuak liburuetan ager daitezke, eta bidean galtzen direnak galdu eta kito.

Pertsonaia guztiak irrika baten atzetik dabiltza, baina azkenean porrotaren mingotsa ezagutzen dute.


Denok gabiltza neurri batean edo bestean idealizatu ditugun kontuen atzetik. Askotan barrura begiratzea ahazten dugu eta kanpoko gauza materialen, espiritualen edo ideologikoen esku uzten dugu zoriona. Barruan sentitzen dugun hutsa beteko digun haren bila bizi gara. Alferrik gehienetan. Bizitzak, patuak, gainera, ez dizkigu ematen gure merituen edo hobenen arabera merezi ditzakegun zigor edo sariak. Horregatik, nire pertsonaia batzuekin zoria krudela da, amaiera ironikoak gorde dizkie. Beste batzuek zorte hobea dute. Hor dago malaysiar maitagarriaren patu latza, edo kenyarrarena. Niretzat pertsonaia oso bereziak biak ere.

Jad palestinarrari eskaini diozu liburua.


Egia esan Jad, benetako palestinar laguna, liburua bukatu ondoren ezagutu nuen, Vientianen, eta nire pertsonaiarekin zeukan antzekotasunak harritu ninduen. Alde oso handiak ere badauzka, eta zorte hobea opa diot.