argia.eus
INPRIMATU
Undiano: bi mila Sadar hondakindegi batean
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2008ko uztailaren 13a
Erreniegako Undiano herrixkan –Cendea de Zizur udalerrian–, 29 milioi m3-ko hondakindegia egin nahi du Nafarroako REAM (Recuperación Ambiental) enpresak. Horrek esan nahi du leku horretan bi mila Sadar futbol zelaien hondakinak sartuko liratekeela – estadioa eraiki zutenean 14.000 m3 hormigoi erabili zuten–.

Hondakindegiak AHTaren eta Gendulaingo urbanizazio proiektuaren hondakin inerteak jasoko lituzke, bertatik pasatzen den erreka estaliz eta babesturiko hainbat animaliaren pasabidea oztopatuz. Undianotik 250 metrora besterik ez litzateke egongo eta egunean 300 kamioi pasako lirateke ondoan dagoen Astrain herritik.

Herritarren protesta

Bizilagunak oso kezkatuta daude, luiziak egon daitezkeelako eta hondakindegiak hauts handia zabal dezakeelako airean, besteak beste. Hondakindegiaren kontrako ekimenak eta protestak ugari izan dira azkeneko urte eta erdian.

Undianoko kontzejua proiektuaren aurka azaldu da behin eta berriz, baita Cendea de Zizurreko Herrien Batzarra ere. Oposizio horren aurrean aukera gehiago aztertuko dituela azaldu du REAM enpresak.