«EAJ egiten duenarengatik baloratzen dugu, ez dioenarengatik»

  • Arama, 1962. Erizaina lanbidez. Alderdien Legearen ondorioz, ezker abertzalearen EHAK aukera iritsi zen Eusko Legebiltzarrera. Alderdi honen Ezker Abertzalea talde parlamentarioaren bozeramailea da: “Jendeak oro har, hasieran ez zuen ondo barneratu gure presentzia, ohiko politikariak ez garelako. Orain, iritziak iritzi, onartu gaituzte”. Lan harreman eskasena PPrekin daukatela esan digu, alderdi honek beraiekin hitz egiteari uko egin ziolako hasiera-hasieratik: “Dena dela, alderdi guztietako kide guztiekin errespetuzko harremana daukagu” azpimarratu digu.
Nekane Erauskin
Nekane ErauskinDani Blanco
Ezker Abertzalea taldeak lehentasunezko gaietan parte hartzen du Eusko Legebiltzarrean: “Beste taldeak hobeto hornituta daude, baliabide gehiago daukate, gaiak aurreko legealdietan landu izan dituzte. Guretzat esfortzu handia da den-dena lantzea” diosku Nekane Erauskinek. “Arlo soziala lantzen duten batzordetan ari gara: euskal esparruari buruzko ekimenak, lan istripuak, AHT, hezkuntza gaiak eta Euskal Curriculuma landu ditugu, besteak beste. Euskararen lege berria guk geuk aurkeztu genuen. Ez dugu denetan nahi genuen guztia lortu, baina gaiak eztabaidatzea eta berauetan eragitea bai”.

Emakumearen eta Gazteriaren Batzordearen ardura zuen esku da.


Bai. Ane Auzmendi da lehendakaria. Emakumeen aurkako jazarpenari buruzko ponentzia aurrera atera da, nahiz hasieran talde guztiok ez ginen bat etorri berau lantzeko moduan. Honelako ponentziak gauzatzeko prozedurak oso luze jo ohi du Legebiltzarrean. Guk talde bakoitzak proposamen zehatza egitea nahi genuen. Hasiera besterik ez da izan, baina ekarpena oso garrantzizkoa da.

Eusko Legebiltzarrak Kontsultaren legea onartu du osoko bilkuran, zuen baiezko boto batekin. Zein da zure balorazioa?


Ibarretxe lehendakariak, besteak beste, historikotzat jo zuen osoko bilkura. Duela lau urteko osoko bilkurarekin gogoratu naiz. Estatutu Politiko Berria onartu zenekoa ere historikotzat jo zuten. Legebiltzar hau bilkura historikoen tokia bihurtu da, antza. Guretzat osoko bilkura arrunta eta ohikoa izan zen. Zabaldu diren ikusmin guztiek ez dute funtsik, guk ez dugu inolako esperantzarik.

“Ezker Abertzale taldeak erabateko ezezkoa eman nahi zion legeari, baina bere oinarri sozialak ulertuko ez zuenez, babestu behar izan du boto batez”. Honelakoak entzun ditugu.


Ez, inola ere. Baiezko boto horrekin Kontsulta legeari trabarik ez jartzea erabaki dugu, Auzitegi Konstituzionalak jarriko diola agerian gera dadin. Guk ekimena mugatu gabe Konstituzioak egingo duela agertzea nahi dugu. PSOEk dioena eta EAJk onetsiko duena, Iñigo Urkulluk esan duenez.


Entzun ditugu ere, zuen erabakiak beste batzuek hartzen dituztela.


Legebiltzarrean hasi ginenetik entzun dugu hori, ohitu gara horrelakoak entzuten. Ez da egia. Gure erabakiak talde parlamentarioak hartzen ditu. Noski, gure ikuspegiak gizarte eragileekin kontrastatzen ditugu, edozein gai lantzerakoan hainbat jenderekin hitz egiten dugu. Erabaki hau gurea da.

Herri honen arazoa konpontzeko marko juridiko-politikoa aldatu behar dela diozue. Markoa bermatzen duen Legebiltzarrean ari zarete halere. Kontraesanean nolabait ere.


Hogeita hamar urteren ondoren frogatu da markoak ez duela balio herri honen arazo politikoa konpontzeko. Legebiltzarrean ari gara arazoa gainditzen lagundu nahi dugulako, barnetik muga hori agerrarazi nahi dugu, markoa gainditzeko bidean lagundu egin dezakegulakoan. Lan parlamentarioan arazo hori agertu ohi da, adibidez, lan harremanetarako esparruan edo enpleguaren legearen kasuan. Beste taldeek dauden mugak aitortzen dituzte, marko honek ez digula uzten aurrera egiten. Gure lanarekin marko honek herri honi ez diola bere eskubideak garatzen uzten eta errespetatzen frogatu nahi dugu. Marko demokratiko batera joateko sentsibilitate guztiekin adostasun batera iritsi behar dugu.

Zuek ere posibilista zarete, dena den.


Nire ustez ez. Gure lana markoak ez duela balio agerian uztea da.


Lan horretan EAJk jasotzen ditu zuen kritika zorrotzenak. Ibarretxeren EAJ? Urkulluren EAJ? Ezberdintzerik ba ote?


Ez. EAJ bakarra dago. Urkulluk esan du Auzitegi Konstituzionalak Kontsultaren legea debekatzen badu EAJk indarrean dagoen legea beteko duela, Ibarretxek ere Urkulluren esana berretsi du. EAJk ehun urte daramala legea betetzen eta beteko duela, esan dute biek. Konstituzionalak Legearen debekatuko du baina Ibarretxek ez zuen horretaz ezertxo ere esan osoko bilkuran, eta badakite debekatuko duela. EAJ ez dago prest Konstituzioaren langa gorago eramateko, beraiek diote, ez guk bakarrik.

Ez dirudi Ibarretxek edota Joseba Egibarrek hori erabat diotenik.


Guk EAJk esaten duenarengatik baino egiten duenarengatik baloratzen dugu. Duela lau urte egin zuena gogoan dugu: Ibarretxe Madrilera joan zen eta Espainiako Gobernuak bidea itxi zion. Zer egin zuen EAJk edota Ibarretxek? Hauteskundeak deitu, jakinda Batasunak ez zuela aurkezterik izango. Ez zuen inongo ahaleginik egin beste alderdiekin akordioetara iristeko. Orain zer egin du? Madrilera joan da Zapaterorengana akordio baten bila. Zapaterok ezetza eman dio eta Legebiltzarrean bere proposamena bidean jarri du inongo harremanik izan gabe hirukoa ez den beste ezeinekin. Ez da serioa. Kontrakoa egin beharko luke: Legebiltzarreko alderdiak batu eta denon arteko akordioa bilatu; gatazkaren erroetara joanez, lurraldetasuna artikulatuz eta erabakitzeko eskubidea landuz.

Patxi Lopezek ere alderdi guztien arteko akordioa proposatu dio Ibarretxeri.


Bai, baina ezker abertzalea kanpoan utzita.

Jaurlaritza Kontsultaren legea onartzera iristeko prozesua manipulatu izanaz kritikatu duzue zorrotz.


Eta manipulatzen segitzen duela diogu, gauden fasean zehaztasunak behar direlako. Oinarriak badira, gakoa badakigu non dagoen, adostasunera iristeko baliabideak landu behar ditugu eragile politiko guztien artean, lurralde eta ideologia esklusiorik gabe. Jaurlaritzak esklusioaren bidetik joan nahi du eta horrela ezin da gatazka konpondu.

Eusko Legebiltzarrean ez daude eragile guztiak. Non eta nola egin orduan?


Legebiltzarrean ezin da izan, esklusioak ematen direlako. Nafarroako herritarrak ordezkatzen dituen ordezkariak ere parte dira, hori da gure proposamena, besteek jar dezatela berea. Bakoitza joan dadila bi legebiltzarretara hori proposatzera eta jendeari galdetzera. Aurrena baina, lurraldearen artikulazioaren ariketa landu behar da.

Loiolan landu omen zen eta porrot egin ere. Han ez ere ziren eragile guztiak.


Loiolako saioak huts egin zuen PSOEk Konstituzioa sabaia bezala jarri zuelako, EAJk bere alde egin zuen. Ibarretxek orain Loiolan gertatuaz zehazpenak eskatzen ditu. Ondo da, baina esan dezala garbi ideia independentistak ez zirela onartu. Zergatik? Nafarroaren artikulazioaz ere ezin zen hitz egin. Noski, nafarrek erabakiko dute, baina ezin da gaia landu? Zergatik ez? Konstituzioa traba eta muga delako. Loiolako elkarrizketan gatazka gainditzeko oinarriak jarri ziren, goazen hortik.


Aditu batzuen esanetan, ezker abertzaleak etorkizun-sen eskasa agertu zuen.


Ezker abertzaleak lurralde artikulazioa posible izateko organoa sortze beharra adierazi zuen publikoki, betiere epe zentzuzkoan Hegoaldeko lau lurraldeetako jendeak horrela nahi badu. Hori baino demokratikoagorik ez dago. Orduan? Oinarriak hor daude, metodologia hori onartu duten aldeek landu ditzagun akordioa lortzeko. Ibarretxek ordea berea egin du Zapaterorengana bere kasa joanez. Ez da zuzena.


Jaurlaritzaren bide orria aurrera doa. Urriaren 25ean berriz ere beste egun mugarria izanen da. Edo ez?


Ez. Ibilbidea bukatu da.

Jaurlaritzako Miren Azkarate bozeramaileak “Ibilbidea pentsatuta dago, baina ez da aireratzeko unea” esan du.


Esan dezatela. Guk “Konstituzioaren langa gainditzeko prest al zaudete?” galdetzen diegu. Jaurlaritzak ezetz esan du. Guk Ibarretxeri esan genion ez dela jolasean aritzeko gaia, gai serioa dela. Herri honek bake nahia ikaragarria dauka, ezin da aritu gatazka konpontzeko bueltaka eta bueltaka.

Demagun Auzitegi Konstituzionalak argi berdea ematen diola Kontsulta legeari. Zure taldeak zer bozkatuko luke?


Gu ziur gaude ez dela hori gertatuko. Galdera horiek ez dutela gatazka konponduko badakigu, eragileen arteko akordio politikoak baizik.


Jaurlaritzak dioenez, akordioa politikoa lortzeko bidea lantzeko galderak dira.


Gatazkaren oinarriak badakigu zein diren. Zergatik zabaldu dute orain metodologia hau? Berriz ere urte luzetara eramango gaitu. PPk izan ezik, Loiolara eraman gintuen metodologia landu dute eragile politikoek. Metodologia horren bidean oinarri politikoak finkatu dira, orain akordioa falta da.

Falta da, agian, alde batean indar nahikoa ez dagoelako berau erdiesteko.


Falta baino, interes elektoralak daude. Denak horri begira ari dira, gu ezik, guk ez dugu kanpainan parte hartzerik izango eta. Interes elektoralekin jolasten ari dira.

Politika jokoa da ordea. Posiblearen artea edo jokoa.


Hori uler liteke gatazka politikorik ez balego, baina herri honen bake nahia eta beharra izanda! Jendeari itxurazko konponbideak eskaintzea ez da bidea, ezin da jolastu.

ASTEKARIA
2008ko uztailaren 13a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude