Energia eta osasuna, inbertsio lerro berriak

  • Sektore tradizionalak baztertu gabe, MCC euskal talde kooperatiboa energian eta osasunean negozioak sortzen ahaleginduko da. Berrikuntzan 2.300 milioi euro inbertituko ditu 2009-2012 bitartean eta horri esker, 2.500 lanpostu sortuko ditu Euskal Herrian.
Panel fotovoltaikoak
Panel fotovoltaikoak
Duela hilabete gutxi arte MCC talde kooperatiboak sektore berrietan, energian eta osasunean, negozioa sortzeko zuen asmoa apustu birtuala baino ez zen. Astekari honek joan den azaroan intentzio horiek aurreratu zituen. Gaur, apustu hori bidea egiten hasi da proiektu zehatz eta errealen bidez, beste bide tradizional batzuk ahaztu gabe, noski. Eta are garrantzitsuagoa: negozio sektore berri horien aldeko apustua indartzeaz gain, aurten bertan beste bi enpresa proiektu sortuko dituztela iragarri dute, eta 2009an beste lau sor litezke.

Horrenbestez, energiaren esparruan, joan den apirilean Solum Technology izeneko proiektua abiarazi zuten, panel fotovoltaikoak egingo dituen fabrika eraikitzeko helburuarekin. Enpresa horrek, halaber, eguzki parkeen ingeniaritza, instalazio eta mantentze zerbitzuak eskainiko ditu. Konpainia berriaren %51 MCCk kontrolatuko du. Oraindik ez dute esan non izango duen egoitza. 13 milioi eurotik gorako inbertsioa beharko du eta lau urtetan 300 lanpostu sortuko ditu. Osasunaren alorrean ere dagoeneko hasi dira aurrerapausoak egiten. Urtarrilean Saludnova sortu zen, Arrasaten kokatutako kooperatiba mistoa. Saludnovaren jarduera nagusia gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen jarraipena egitea izango da eta 2012an 50 lagunek egingo dute lan bertan.

2012ra arte 2.300 milioi inbertituko dituzte berrikuntzan

Hemendik aurrera logotipoan Mondragon bezala agertuko den MCC, 2009-2012 Plan Estrategiko berria lantzen ari da, eta urte honen amaieran prest egongo da. Jakinarazi dutenez, plan horrek 2.300 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du jarduera berrietarako eta, horri esker, urte horietan 2.500 “kalitatezko” lanpostu sortuko dira Euskal Herrian.

Taldearen Tu Lankide argitalpenean agertu denaren arabera, planak bi ekintza ildo aurreikusten ditu. Batetik, MCCko kooperatibek eta horiek biltzen dituzten atal industrialek 50 proiektu inguru sustatuko dituzte 2009 eta 2012 urteen artean. Horretarako 1.000 milioi euro inbertituko dituzte eta 1.250 lanpostu sortu. Bestetik, dibisioen arteko lankidetzak lau enpresa promozio berri sortuko ditu, 250 lanpostu eratuz, 300 milioi euroko inbertsioari esker. Azkenik, hirugarren ekintza ildoak 16 proiektu berri garatzea aurreikusten du, Promozio Zentroaren bidez. 1.000 milioi inbertituko dira, eta beste 1.000 lanpostu sortu. Testuinguru honetan, gogoan izan behar da 12 zentro teknologiko dituen talde kooperatiboak, 2006an, 120 milioi eurotik gora (fakturazioaren %1,75) eskaini ziola I+G+B-ri.

Produktu berrietan hazi, bertako enplegua sortzeko

MCCren estrategia berria, Jose Mari Aldekoa presidentearen esanetan, produktu berriak sortu eta, zehazki, bertako enplegua igotzean datza. Aipatutako plangintza eta apustu berriak estrategia berri horren barruan kokatzen dira. Taldeak, gaur egun, 94.500 langile ditu, eta horietatik 43.315ek alor industrialean jarduten dute. Egungo egoeran enplegua mantentzeko, jarduera esparru berrietara zabaltzea ezinbestekoa da Mondragoneko arduradunen ustez. Helburu hori erdiesteko, bazkide berriak bilatzea bultzatzen dute, horri esker, produktu berriak garatu eta bi aldeek abantailak lor ditzaten.

Horregatik, Mondragonek erronka garrantzitsua ipini dio bere buruari: alor industrialeko salmenten %30 2007an existitzen ez ziren produktu eta zerbitzuetan egitea 2012an. Horrelako erronketan badu esperientzia, egungo salmenten %20 duela bost urte ez zeuden produktu eta negozioei baitagokie.

Beste industria parke bat Indian

MCCk, bestalde, ez du beste herrialdeetan ezartzea baztertu eta, etorkizunera begira, helburu estrategikoa izaten jarraitzen du. Zentzu horretan, arduradunek dagoeneko jakinarazi dute Bonbai (India) inguruan 160.000 metro koadroko poligono industriala sortuko dutela. Parke horretan, Danobat (makina erreminta), Fagor Industrial eta Kide (ganbera frigorifikoak) enpresek fabrikak irekitzeko asmoa dute. Jakina denez, kooperatibak dagoeneko beste industria parkea abian ipini du Txinan.

Irizarrek eta Ampok kooperatiba utzi dute

Taldeko bi kooperatibek, Irizarrek eta Ampok, taldea uzteko erabakia hartu izana ustekabekoa izan da. Ondorioz, Mondragon taldearen salmenta osoak %3,6 jaitsiko direla aurreikusten da, eta industria alorraren fakturazioaren %7. Enpresa horietako batzordeek hartutako erabakiak MCCko zuzendaritza mindu du. Dena den, ez dute afera puztu nahi izan eta “taldearen etorkizunean eta historian anekdota hutsa baino ez dela izango” aditzera eman dute.
MCC kopurutan
  • 15.000 milioi eurotik gora fakturatu zituen 2007an (+%12).
  • Inbertsio osoak: 2.809 milioi (+%126).
  • Guztizko aktiboa: 32.840 milioi (+%19,2).
  • Baliabide propioak: 5.078 milioi.
  • Guztizko etekinak: 792 milioi (+%17).
  • Langileak: 103.741 (+%24,1). Horri Irizar eta Ampoko langile kopurua kendu behar zaio MCC utzi baitute bi enpresok.
  • MCCren osaketa: Industria alorra (Fagor buru da), finantza alorra (Euskadiko Kutxa buru da) eta banaketa (Eroski buru da).
  • Industria: 7.439 milioi euroko fakturazioa eta 400 milioiko etekinak.
  • Euskadiko Kutxa: ia 185 milioi euroko etekin garbiak.
  • Eroski: 7.619 milioi euroko salmentak eta etekinak 223,2 milioikoak.
  • 2008 urterako aurreikuspena: egungo dezelerazio ekonomikoa kontuan izanik etekinek %15 egingo dute behera.

ASTEKARIA
2008ko uztailaren 13a
Azoka
Azkenak
Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude