Aldizkariaren zuzendaritzan 25 urte bete dituela irakurleekin ospatzeko, Karmel-en historia luzeko (1931-2008) bibliografia osoa eskaini du zenbaki berezi honetan Julen Urkizak. Aurretik ere plazaratua zegoen aldizkariaren bibliografia, baina zatika: esate baterako, Julen Urkizak berak argitaratua zuen Karmengo Argia-koa (1931-1936); eta Karmel-ena: (1957-1961), (1970-1985), (1985-1987) eta (1995-2002); Anjel Loberak berriz, 1970-1994 bitarteko bibliografia kaleratu zuen. Aurretik egindako lan hori osatu du Urkizak, 2003-2007 bitarteko bibliografia Loberarenari gehituz. Bibliografia osoa bi eratara dago egituratua: idazlez idazle eta gaien arabera. Idazleak alfabetikoki daude sailkatuta, jarraian egindako ekarpena eskainiz. Gaien atalean bertso eta olerkiak gutxiago hartu dira kontuan, ez luzatzearren.