argia.eus
INPRIMATU
Hesian
«Maitasuna izan daiteke borrokarik gordin eta mingarriena»
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko uztailaren 12a
Hesian taldeko kideak

Gauzak dauden bezala, “maite duzue” ironia?


Esan beharrekoa beste era batera esateko aproposa da ironia. Betikoa betiko moduan esatea erraza da, panfleto edo txosten bati akordeak ipini eta lixto. Kritikoak eta exigenteak gara gure buruarekin. Horretaz aparte, ironia hori are aproposagoa da sarritan, albisteetan edo kalean entzuten diren gezurrei aurre egiteko: lagunak ikusteko ehunka kilometro egitea, hildakoak lurperatu eta ezin negarrik egitea… Ez dugu nahi, ez dugu hori maite, baina behartuta gaude horrela bizitzera.

“Erasotzat jotzen dute garena babestea”. Zein da defentsa onena?


Babes edo defentsak muturreraino eramaten direnean eraso bihurtu daitezke. Baina ez dira erasoak, dagokiguna soilik eskatzen dugu, borrokatu egiten dugu… Dudarik gabe defentsa onena, etsaiari min gehien egingo diona, eraikitzea da: gure herria oinarritik berpiztea. Eta, noski, erasotzen gaituztenean, aurre egitea.

“Zugatik emango nuke bizitza”, “Ene zainak moztuko nituzke zure minak baretzeko”. Halako erromantikoa da Nafarroako gazteria borrokalaria?


Gazteria nafarraren izenean hitz egitea gehiegi litzateke! Sentitzen duguna idazten dugu. Nork ez du noizbait maitatu? Nork ez du kontrolatu ezin duen zerbait sentitu? Maitasuna izan daiteke borrokarik gordin eta mingarriena.

Sakanatik zer inspiratzen dizue itsasoak?


Itsasoa edo itsas bazterra muga bat da. Bizitzan gauza eta pertsona askotara loturik aurkitzen gara. Arnasa eta arnas ezaren arteko muga da, borroka etengabea. Ezintasunari buelta eman nahian gabiltza hor; itsasoak bere handitasunarekin lagunduko digu. Azken finean, itsasoa gauza askotara loturik egon arren, askea baita.

Sinesten duzue musikak eta musika taldeek kontzientzia egin dezaketela?


Noski baietz. Musika tresna ezin hobea da komunikaziorako, eta komunikazioa kontzientziarako ezinbestekoa da.