Oraindik ez da urtebete Euskararen Nafar Institutua –gero Euskarabidea izena hartuko zuen– sortu zela. Udako oporretako barealdia baino lehen, olatu zurrunbiloa sortua da ordea. Xabier Azanza zuzendari eta kudeatzaileak Mikel Aranburu Aholkularitza eta Ikerketa zuzendaria kaleratu du berriki, Azanzak adierazi duenez arlo profesionalean bat egin ez dutelako. Alegia, erakundea kudeatzeko desadostasunak izan dituztela.
Bestalde, ekonomia krisiak Nafarroako Gobernuari ere eragin dio eta Nafarroako Gobernuko presidente Miguel Sanzek aurrekontuetan murrizketak iragarri ditu. Euskarabideari, beste hainbat atali bezala, eragingo dio. Orain arte lotuta zeuden gaiek ez dute murrizketa jasango baina zehazteke daudenek bai, hala nola, hedabideek jaso beharko lituzketen diru-laguntzek eta ikerketa soziolinguistikoak.