argia.eus
INPRIMATU
"És rodó i dura molt"
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2008ko uztailaren 13a
Chupa-Chupsak
Bartzelona, 1958. Enric Bernat (1923-2003) gozogileari ideia bitxia bururatu zitzaion: makil batetik hel zitekeen karamelua egitea. Bernatek ederki zekien gozoki kontsumitzaile ugarienak haurrak zirela, eta karamelua eskuarekin ahotik ateratzeko ohitura zutela, gozokia pixkanaka nola kontsumitzen zen ikusteko.
 
Gozogintzarako zaletasuna familiatik zetorkion Enric gazteari. Josep Bernat aitonak Espainiako Estatuko lehen gozoki fabrika zabaldu zuen. XIX. mende erdialdean denda zabaldu zuen Bartzelonan eta, sei seme-alabak lanean ipini zituenean, fabrika txikia antolatu zuen. Espainiako Gerra Zibilean fabrika suntsitu zieten, baina karameluak egiteko artea ondorengo belaunaldietara iritsi zen. 
 
Horrenbestez, Enric Bernatek hainbat gozogilerekin ikasi zuen ofizioa eta 26 urte zituela, Nuria Serra andregaiarekin batera –hura ere Bartzelonako gozogile baten alaba–, Productos Bernat enpresa zabaldu zuen. Lau urte geroago krisian zegoen Granja Asturias enpresan parte hartzen hasi zen. Bernaten eskutik enpresak berehala egin zuen gora, baina 1958an makiladun gozokiaren ideia aurkeztu zienean, bazkideek bizkar eman zioten eta bakarrik utzi zuten. Hala ere, gozogileak dena ondo lotu zuen: produktuaren errentagarritasuna bermatzeko, bere asmakizunarekin lehiatu zitezkeen patente guztiak eskuratu zituen. Eta urte berean lehen Chupsak ekoizten hasi ziren. Aurreko “Chupa” 1961ean erantsi zioten izenari.
 
Produktu berriak 1967an egin zuen eztanda. Batetik, Bernatek dirutza ordaindu zion Salvador Dalí artistari gaur egun hain ezaguna den logoa diseina zezan. Logotipo hori-gorria aurkezteko, lehen publizitate kanpaina prestatu zuten “És rodó y dura molt” lelopean (biribila da eta luze irauten du). Bestetik, egurrezko makilatxoa plastikozko bihurtu zen. Urte berean karameluak nazioarterako jauzia egin zuen eta Kataluniatik kanpoko lehen fabrika zabaldu zuten Baionan: Société Bernat et Cie. Ondoren, New Yorkekoa ireki zuten, eta 1977an Japonian sartu ziren indartsu.
 
Egun, hamabi milioi Chupa Chups ekoizten dira egunean, hots, 17.000 tona gozoki eta makilatxo urtean. Beraz, lehen kanpaina haren leloa ezin aproposagoa zen: Bernatek ideia biribila izan zuen eta luze irauten ari da. 50 urte bete berritan osasun betean dago, behintzat.