Gastronomiari eskainitako zortzi liburu badituzu plazaratuak. Haiek osatzean, zertan jarri izan duzu bereziki arreta?
Garbi azaldu nahi izan dut gastronomia kultura ere badela. Horretarako, liburu guztietan gastronomia, kultura eta argibideak batu izan ditut. Denetan aurkituko ditu irakurleak honako zehaztasunok: pintxo edo plateren batzuk nola egin daitezkeen; horiek horrela egiten dituen ostatuaren argibideak eta jatetxe hori kokatutako herriaren historia eta idiosinkrasia. Horretara mugatzen naiz, ni ez naizelako inor pintxo edo plater bati kalifikazioa jartzeko, ezta herri bat bestea baino ederragoa dela epaitzeko ere.
Zer aurkituko du irakurleak Cocina vasca con encanto. Las mejores recetas de las casas rurales-en?
Aurrekoetan ibilitako bide berari jarraitu diot, eta espero dut liburuan agertzen diren argazkiak (Alex Iturraldek egin ditu guztiak) eta bildu ditudan sukalde errezetak, baserri etxeen kokalekuaren gaineko zehaztasunak eta aldiro aipatzen dudan baserri etxeari buruzko argibideak balioko diotela irakurleari antzemateko gure baserri etxe, landa turismo eta baserri hotelek daukaten eskaintza turistikoaren, gastronomikoaren eta kulturalaren maila.
Nolakoa da maila hori?
Ziurtatu dezaket baserri etxeetako erosotasunak, harremana eta zerbitzuak ez diotela inongo inbidiarik izan behar gure hiri handi eta txikietan dauden bestelako ostalaritza etxeetakoei. Alde on nabarmena dute, gainera, baserri etxeek: lasaitasuna eskaintzen dute eta etxeko produktu biologikoekin egindako gastronomia.