Jendaurreko jarduna elkarrekin eraikitzen

  • Gaur egungo gizartean, ezinbestekoa da komunikatzaile eraginkorra izatea. Jendaurrean komunikatzeko izua gainditu beharra daukagu. Euskarak erabileran ugaritu eta zorroztu beharra dauka bere izatea… Helburu horiek erdieste bidean, ahozko hizkuntzak aspaldi ez bezalako indarra hartu du geure diskurtsoetan.
Ahozkotasuna
AhozkotasunaAlai Zubimendi
Ezagun eta errepikatuak dira ahozkotasunaren aldarriaren oihartzunak hizkuntza irakasle eta ikasleongan; komunikatzaileen artean ere bai, zalantzarik gabe. Deiadarrak izanagatik, ez dira egote hutsean dauden diskurtso antzuak. Gaiari erantzuten ari gatzaizkio Huhezi fakultatearen Mendeberri hezkuntza proiektuan (Mondragon Unibertsitatea), eta geure egitekoa ere bada hainbatentzat ezezagun diren asmo onen berri ematea.

Lehenik, konturatzea

Irakasletza Ikasketak egiten hasten direnei euskara irakasleok bi galdera egin ohi izan dizkiegu eskolara etortzearekin bat: “Zure ustez, beharrezkoa da ahozko hizkuntza ikastea? Eta ahozko hizkuntza irakastea?”. Irakasle-gaiek zalantza gutxirekin erantzun ohi diote ustezko galdera errazari: “Ez, hitz egitea nahikoa da horretarako”.

Haren ondotik, gure galderak: “Zenbat hitz egin izan duzu eskolan? Zer egiteko, nori erantzuteko hitz egin duzu? Nola sentitu izan zara horrelakoetan? Ahozko azterketarik egin al duzu sekula?” Eta erantzunetan, aurreko ukazioaren kontraesanak: “Irakasleari erantzuteko hartu izan dut hitza; ikasgairen batean aurkezpenen bat egin izan dut; ahozko azterketarik ez dut sekula egin eta ez nuke egiterik nahi; oso deseroso sentitu izan naiz jendaurrean hizketan”.

Egoera ikusita ondorioztatzen duguna da eskolan ahozkotasunak, oraindik orain, ez duela toki handirik, egiaz deseroso egoten garela ahoz jendaurrean komunikatu behar dugunean… Horretan trebatu beharra daukagula sentitzen dugu. Konturatzen gara zeinen beharrezko den txiki-txikitatik ahozko jarduna lantzea, izan geure lehen hizkuntzan, izan gainerako hizkuntzetan: alderdi ludikoa landuz lehenik, eta komunikazio konplexuagoetan murgilduz ondoren.

Hurrengo urratsa izaten da ahozkotasunean murgiltzea. Jendaurrean ahoz komunikatzen ikasteko tresnak ikasleei eskura jartzea. Eta garrantzitsuena, ahozko komunikazioaren lanketak samurrak eta gozagarriak izan daitezen lortzea. Malkarra gustuko tokian jartzea. Horretarako zer? Hausnarketa, trebakuntza, talde-giro ona eta hizkuntzarekiko jarrera baikorra lortzea dira lehenesten ditugun eginkizunak.

Bigarrenik, bakar-lana

Ahozko hizkuntzaz dihardugunean, badaukagu ulerkuntza murriztaile bat: jendaurrean ahoz komunikatzen trebatzea, oro bat, bakar-lana da. Azalpen zientifiko bat ematea, ipuin bat kontatzea, gertaera jakin baten berri ematea, bertso bat osatzea… hartzaile kopuru jakin baten aurrean eraginkortasunez ideiak adierazi eta eragitearekin lotzen dugu jardun mota hau.

Oro har, ikasleek gisa horretako lanketa sistematikoak aurrez egin izan ez badituzte ere, aurkezpenak egiten jarri izan dira, beraz, lehenik, ezagun dituzten egoeratan prestatzen ditugu. Aldaketa handiena egoeraren formaltasuna izan ohi da. Ikasleak unibertsitatean izaki, diskurtso formalak eraikitzen ikastea zilegi da, etorkizunean ere gisa horretako testuinguruetan ekoiztea egokituko baitzaie: gurasoei azalpenak ematea, lanen aurkezpenak egitea… Jardun honetan, egokitasunak hainbateko garrantzia hartzen du zuzentasunak, jakina.

Bakar-lan horretan trebatzeko tresna nagusiena da Genevako eskolak proposatzen duen Sekuentzia Didaktikoa: azken helburu komunikatibo bat lortzeko eraikia den jarduera antolatu eta jarraitua. Ikasle gehienentzat ezezaguna, eta denborak aurrera egin ahala ikasgela bezain eguneroko bihurtzen dena.

Etsaitzat jotzen dugun bideo-kamerarekin ikasten dugu ikaskideak grabatzen, eta hark gordeak ikus-entzunez ohartzen gara nola eraikitzen ditugun geure ahozko berbaldiak gorputz eta arima. Bakar-lana talde-lan bihurtzen hasten da, eta abiapuntu malkartsuak zelaitzeari ekiten dio, nahiz askorentzat penitentzia denik ezin uka dezakegun.

Hirugarrenik, elkarlana

Baina, elkarrekintzan komunikatzen gara… bakarkako ahozko berbaldiak komunikazioaren izkina txiki besterik ez dira, eta, unibertsitatea ezagutza eraikitzeko gune izaki, ezin konforma gintezke komunikazio gaitasuna hizkuntza eskoletan bakarrik garatzearekin. Izan ere, elkar-trukean antolatzen ditugu munduarekiko eginak dauzkagun errepresentazioak, pentsamoldeak, sentimenduak eta usteak… beraz, eduki bidez eta elkarrekintzan ikasten dugu hizkuntza ere.

“Nik betidanik ikasi dut gelan isilik egon behar dugula irakasleak azalpena eman bitartean, eta badakit orain guztiz kontrakoa dela. Gu garela hitz egin behar dugunak”. Aurten, 2. mailako ikasle bati hartutako hausnarketa idatziaren aipua zen. Hizkuntza elkar-lanean ulertu eta garatzen delako kontzientziaren aztarna adierazle bat.

Ahozko komunikazioa eta jakintza espezifikoak dialektikan eraikitzen ere ikasi egiten da, eta horixe da hezkuntzaren erronka nagusietako bat. Baina zein estrategia erabili behar ditu irakasleak ikasleen ahozko jarduna susta dezan? Zein tresna didaktiko ditu irakasleak ikasleen diskurtsoaren bideratzaile eta zuzentzaile lanetarako?

Elkarrekintzan parte hartzen duten pertsonen ezaugarri psikosozial eta hizkuntzazkoek eragiten dute komunikazioaren eraikuntzan. John J. Gumperz adituak (1982) elkarrekintzaren ikuspegitik zorroztu zuen konpetentzia komunikatiboaren azalpena: “Elkarrizketa-kooperazioa sortu eta iraunarazteko hiztunek eduki behar duten konbentzio linguistiko eta komunikatiboen ezagutza” da.
Komunikazio gaitasuna eragile askok baldintzatzen dute: pertsonen jarrerak, komunikazioa hasteko moduak, partaideen jatorriak, pentsamoldeak, hiztunek euren arteko harremanaren gainean egin duten interpretazioak… Hizkuntzalaritza eta pedagogiaren alorrean jakintza ahaztezinak dira horiek.

Hizkuntza-elkarrekintzaren ikerketari berariaz dagokio, beraz, ekintza komunikatiboetan pertsonarteko harremanak aztertzea; arrakasta lortu edo porrot egin. Ahozkotasunaren lanketan, horretan ari gara burugogor.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude