argia.eus
INPRIMATU
Castillo Suarezen kutxa moduko poema-liburua
  • Castillo Suarez ::Souvenir

    Elkar

    orrialdeak ::88

    prezioa ::12.25€

Pilar Iparragirre 2008ko uztailaren 06a
Souvenir
Souvenir
Giza harremanez zorrotz aritu izan da beti Castillo Suarez (Altsasu, 1976) bere poemetan, bai Mugarri estaliak (Susa, 2000) izeneko poema-liburuan, baita Spam poemak (Elkar, 2004) eta Bala hutsak (Elkar, 2006) lanetan ere. Eta sakontasun berbera erakusten du Souvenir liburuko poemetan: “Urkatzeko eskatuko banizue zer erantzungo zenuketen jakin nahi nuke. Zer egiten duzuen begien koloreekin lanetik bueltan”, dio haietako batean. Eta olerkariaren hitzetan azaltzeko, kutxa moduko bat da Souvenir. Lekuz, etxez, lanez edo lantokiz aldatzen garenean bete ohi ditugun kutxak dauzka poetak gogoan; horietan gurekin nahi ditugun gauzak sartzen ditugu; garbi baitugu zer bota edo zer ez dugun gurekin eraman nahi. Haatik, Castillo Suarezen kutxa ez da toki berrira iritsi eta lehenbizitik irekitzen den horietakoa, pasabidean edukitzen dena baizik, ez dakigulako zer egin barruan dauden gauzekin, gogora oroitzapenak ekartzen dizkigutelako. Eta Pandoraren kutxa bezala, ez dakigu ireki nahiko genukeen ala ez, hor daudenak, gauza txikiak izanagatik, iltzaturik ditugulako barruan. Poema independentez osaturik dago Souvenir, baina atmosfera batek lotzen ditu guztiak.
«Atzera begirako poemak dira, arrastoei buruzkoak»

Zer zirrara eragin dizute zure azken poemek?


Souvenir nire laugarren poema-liburua da. Lehendabizikoa 2000. urtean argitaratu zen, hau 2008an. Denbora ez da alferrik pasatzen eta sentsazioa daukat –ez dakit nik esan beharko nukeen baina– egin ditudanen artean onena dela. Besteetan baino gehiago lortu dudala adierazpena eta adieraziaren artean. Beti izan da nire ezaugarrietako bat hizkuntza soila erabiltzea, hizkuntza komunikatiboa. Bada, iruditzen zait Souvenir-en espreski ariketa poetikoa egin dudala. Gai aldetik ere aldaketa izan da: tragikotasuna desagertu da, eta horrek behar bada perspektiba zabalagoa eman dit liburua idazteko.

Zergatik aukeratu duzu Souvenir titulua?


Saiatu naiz poemei ukitu magiko bat ematen, hitzekin jolas moduko bat egiten. Poemetako gaiak atzera begirakoak dira, arrastoei buruz hitz egin nahi izan dut, harremanek edo tokiek gugan uzten dituzten arrastoez. Horregatik aukeratu dut Souvenir izena. Souvenir-ak gauza hutsalak dira, baina balio sinboliko handikoak: iraganera garamatzate, edo toki urrunetara; bizitzako esperientziak gauzatu egiten dira souvenirretan. Gainera, iruditzen zait souvenirraren ideia neurri batean poesiaren antzeko zerbait dela: azkenean souvenirrei inork ez die erreparatzen, edo inork ez die erreparatu nahi, gauza hutsalak direlako, alferrikako gastua; eta poesiarekin nik uste antzeko zerbait pasatzen dela, alferrikakoa dela esan izan da. Souvenir ideiak badu alderdi bikoitza. Oroitzapenak dira, burutazioak... baina fisikoak ere badira: pertsona bat, leku bat, gertakari bat gogora ekartzen digute.