argia.eus
INPRIMATU
Sentsazioen gazi-gozotasuna hitz eta musikan
  • Txuma Murugarren ::Marjinalia

    Gaztelupeko Hotsak

    iraupena ::45’14’’

    prezioa ::12€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko urriaren 05
Txuma Murugarren 'Marjinalia' diskoa
'Marjinalia' diskoa
Murugarrenek ibilbide propioari ekitea erabaki zuenetik asko dira entzuleak parte egin gaituen istorio eta sentimenduak. Gauzalea da, horrek dakarren voyeur gaitasuna edota detaile txikiei erreparatzekoa lotuta. Kantuek ukitu gazi-gozoa daukate, alaitasun puntua dute, baina beti hondo malenkoniatsua daramate aldean. Marjinalia gizakiok barruan daramagun alderdi ezkutua definitzeko modua da, baina Murugarrenek betidanik deskribatu ditu halako pasarteak, sentsazioak eta sentimenduak. Musikaria izateaz gain, hizkuntza ederto menderatu eta primeran idazten du. Aitaren galerak eta zirkoaren irudi kontrajarria dira lanaren ezaugarri nagusiak. Bestalde, lan honetan ahalegindu da kantu bakoitzari tonu bat ematen: pop-rockeroagoa, latinoagoa edota orkestralagoa, besteak beste.
«Aitak beti kantatu ohi zuen oso ongi. Asko ikasi nuen berarengandik»

Aita oso presente dago diskoan, berak piztu al zizun musika zaletasuna?


Bai. Diskoaren prozesuan gaixo zegoen eta iaz hil zen, diskoa atera baino pixka bat lehenago. Kantu eskolak hartu zituen Donostian, eskolak debalde hartzeko hautatu zuten oso dohain onak zituelako, tenore dramatikoaren tesituran abesten zuen. Etxean beti entzuten zen opera eta musika klasikoa, zaletasun handia zuen. Beti kantatu zuen oso ongi. Asko ikasi nuen berarengandik.

Zer aurkitu duzu Anjel Erroren idatzietan?


Tiroak fin eta zuzen egiten dakien poeta dotorea da Erro. Hitz batek, denik eta erabiliena izanda ere, bere eskuetan distira berria hartzen du.


Autoak gure zoriontasunaren edo miseriaren ispilu bihurtu dira?


Gure luzapena dira. Mundutik gertu baina era berean isolatuta bizi zaitezke autoaren barruan, konkorrak sumatu estropezu egin gabe, euriaz gozatu busti gabe. Eta pentsatzeko aukera ematen du, auto bat gidatzeak lasaitzen nau.

Zirkoa ageri da diskoan... Zirkoak kutsu gazi-gozoa dauka, tristea baina alaia, alaia baina tristea... Eta zure musikak badu asko hortik...


Aipatzen duzun arrazoiarengatik hain zuzen. Bizitza bera ere horrelakoxea da, ez dago gozorik gazirik gabe. Dena dator nahasian. Irri egin dezakezu negar ez egiteagatik edo negar egin irri ez egiteagatik.

“Orduak igaro dira gurdi hutsen modura, deus ez da nigan geratu”, “Eguna motzegia da nire bizimodu konpultsiboarentzat”. Zenbat gurdi behar dituzu zu asetzeko?


Pantera bat burdinazko kaiola batean giltzapetua izan zitekeen neurrigabeko desirarentzako irudi egokia, uluka hasten da gauez, erraietatik, otso-gizon bilakatzen zaitu. Guztiok, gutxi-asko, sentitu dugu antsietatearen ulua, bizitza ihesi doala eta berreskuraezina dela esanez larritzen gaituen pantera izugarri horren arnasa, bihotzaren ondoan.