argia.eus
INPRIMATU
Izenak
Jon Torner Zabala @jtorner 2008ko uztailaren 01a

Kontxu Odriozola aktore azpeitiarrari eman dio Besarkada saria Euskal Aktoreen Batasunak. Duela 20 urte sortu zuten elkartea, eta data hori ospatzeko Donostian egindako galan omendu zuten Odriozola.

 

Zinebik, Bilboko zinema dokumentalaren eta film laburren nazioarteko jaialdiak, Ex IS lehiaketa antolatu du. Sortzaile garaikideei zuzendurik dago eta aurkeztutako ikus-entzunezko lanek izaera esperimentala izan behar dute. 4.500 euro banatuko dituzte sarietan.

 
 

Try Again izena du Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean paratu duten erakusketa berriak. Bideo-jokoen mundua islatu dute hogeita hamar artista inguruk, interakzioa bilatzen duten ikus-entzunezko proiektuen bidez. Erakusketa irailaren 27a arte egongo da zabalik.

 

Karmele Jaiok 2006an argitaratu zuen Amaren eskuak eleberri arrakastatsua gaztelaniara itzuli du Las manos de mi madre (Ttarttalo) izenburupean. Jaioren euskarazko eleberriaren bederatzi edizio argitaratu dira jada.

 
 

Miren Amuriza berriztarrak irabazi du Eskola Arteko Bertsolari Txapelketa, helduen mailan (14 eta 18 urte bitarteko taldean). Umeen mailan (14 urte artekoetan) Maialen Akizu urretxuarra izan da nagusi.

 

Jon Ostolaza debarrak eta Rakel Pujana markinarrak Lasturbidean izeneko diskoa argitaratu dute. Lan horretan erromeria giroa da nagusi eta Sakabi, Elgeta, Gelatxo eta Txankarta trikitilariek jotzen zituzten abestiak berreskuratu dituzte. Diskoa grabatzeko bi erromeria afari egin zituzten Lasturren (Itziar).

 

Ahmad Jamal pianista estatubatuarrak (Pittsburgh, 1930) jasoko du Donostiako Jazzaldia saria, “jazzari egin dion ekarpenagatik”. Uztailaren 22an hasiko da jaialdia.