Gailurretan hegan

  • Itsasuko eliza ezagunaren sarreran Euskal Herriaren eskubideak aldarrikatzen dituen monolitoa dago. Izan ere, 1963ko Aberri Egunean Gernikako Arbolaren kimu bat landatu zuten inguru horretan. Baina bada gehiago, askoz gehiago: Itsasuk Lapurdiko mendigune erakargarrienetakoa ezkutatzen du Errolanen igarobide sonatutik harago...
Artzamendi
ArtzamendiGorka Azkarate
Larrun mendia bada Lapurdiko mendirik ezagunena, Artzamendi (926 m) dugu, metro gutxigatik, garaiena. Larrun kostaldetik gertu zutitzen bada, Artzamendi herrialde honen eta Nafarroa Beherearen arteko mugan dago kokaturik. Mendi lerdena da oso Artzamendi, urrunetik ezagutzen dena; tamalez, bere lerdentasunagatik ez ezik bere gailurra estaltzen duten antena eta radar andanagatik ezaguna da halaber. Edozein kasutan, Lapurdiko barnealdearen gaineko talaia paregabea da. Itsasuko Laxia auzotik abiatzen den porlanezko pistari jarraituz gailurreraino igo daitekeen arren, ibilbide basatixeagoa aukeratuko dugu Artzamendiko tontorrera heltzeko.

Txangoa, beraz, Errobi ibai ederraren ertzean kokatzen den Laxia auzoan hasiko dugu, Errolanen pasabidea edo Atekagaitz izenez ezaguna den eta erdian zulo ikusgarria duen harritzarretik gertu. Pertsona bat igarotzeko adinakoa da, gutxi gorabehera, harria ebakitzen duen zuloa. Kondairaren arabera, Karlomagnok ezpatakada batez egin zuen zulo hori, bera eta bere gizonak bertatik igaro zitezen. Errealitatea, baina, beste bat da: Laxiako baserritarrek egin omen zuten zuloa, Itsasurako bidean oztopo saihestezina baitzen bide erdian paraturiko harri erraldoia.

Lapurdiko gailurra

Parajeaz gozatzeko ia denborarik gabe, bideak goranzko joera hartuko du berehala; ibilbideko lehenengo gailurra izango den Artzamendira igotzeko, ia 900 metroko gorabehera gainditu beharko dugu, haranaren sakonean kokatzen den Laxia auzotik abiatu garela kontuan hartuz. Aldapa gogorrenak Maldako muinora heldu artekoak dira agian (580 m), baina hortik gora ere izerdi dezente isuriko dugu, sekula amaituko ez dela dirudien azken aldats pikoa gainditu eta gailurreko eraikinak eta, batez ere, kupula zuria ikusteko aukera izan arte. Ikuspegia paregabea da norabide guztietan: Irubelakaskoa, Gorramendi, Alkurruntz, Iparla, Baigura, Mondarrain, Larrun, Auza, Saioa… Ezin konta ahala gailur. Irubelakaskoa piramide perfektuaren forma zorrotzek erakarriko dute gehien, agian, gure arreta.

Artzamendi atzean utzi eta Mehatzeko lepora jaitsiko gara jarraian, Iguzkimendiko maldari aurre egin baino lehen. GR-10 ibilbide luzearen –Pirinioak iparraldeko isurialdetik alderik alde zeharkatzen dituen ibilbide luzea– margo ikurrak jarraituz Aratxeko lepora (col des Veaux) gailur lerden hau saihestuz iristerik izango genuke, hala nahi izanez gero. Bidarrai eta Ainhoa artekoa osatzen du GR-10-ak inguruotan. Iguzkimendik (844 m) ikuspegi ederraz eskertuko digu, ordea, arnasa estutu izana. Gailurrean norabidea mendebalderantz okertu eta xenda argiegirik gabeko aldapa gogor batean behera egingo dugu, ostera GR-10 ibilbidearekin bat egin arte. Artzamendiko gailurreria utzita Mondarrainekoan sartzen ari gara, ibilbide zirkularraren eraztuna ixteko ahaleginean.
Errobi eta Sarrakaria ibaien arroen artean goititzen den mendigune berezi eta maitatua da Mondarrain; izena ematen dion gailur nagusiak (749 m) eta garaiera apalagoko Urreztik (693 m) osatzen duten gailurreriak eraitsitako gaztelu baten antza izan dezake urrunetik ikusiz gero. Mondarrain gailurrean erromatar garaiko gotorlekuaren aztarnekin egingo du topo ibiltariak. Kondairak dioenez, inguruko kobaren batean lamiek gorderiko urre pila bat dago oraindik.

Aratxeko lepoa atzean utzi, Estebanen borda inguratu eta Gorospileko lepora eramango gaituen maldatik igoko gara patxadaz. Mondarraineko aldapei aurre egin baino lehen, Gorospileko ertza zeharkatzen duen xenda ederrari jarraituz izen bereko hiru tontortxoak gaindituko ditugu (garaienak 702 m). Zuharreteako lepora jaitsi eta Urreztiko gailurrera igoko gara lehenik, Mondarrain gertu dagoela adierazten duena. Izan ere, Urreztiko gailurrean dauden monolitoek Mondarraineko gotorlekuaren antz eta parekotasun handia dute. Zenbait harritzar inguratu eta gailurreriari jarraituz, erraz helduko gara Mondarrainen oinera bertara, eta ahalegin handirik egin beharrik gabe poltsikoratuko dugu gailurra.

Artzamendin gertatu moduan, ikuspegi paregabeaz gozatu ahal izango dugu hemendik ere; Irubelakaskoaren lerdentasuna orain parean dugun Artzamendik ezkutatuko digu ordea. Txangoa borobiltzeko Ezkondrai muinoa gainditu, Legarreko lepoan norabidea aldatu eta atzera Laxiara jaistea baino ez zaigu geratuko, Lapurdin egin daitekeen mendi ibilbide ederrenetako bati akabera emateko.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude