argia.eus
INPRIMATU
Haur sahararrak gure artean
Iñaki Zubeldia 2008ko uztailaren 06a
Iñaki Zubeldia
Iñaki Zubeldia, idazleaDani Blanco
Urtero bezala hemen ditugu haur eta gazte sahararrak. San Joan bezperan iritsi ziren eta gehienek San Joan suaren magia eta misterioa ezagutuko zuten Euskal Herriko hainbat plaza eta txokotan. Etorritako egun berean hainbeste berde, hainbeste ur, hainbeste musu eta iluntzean suaren sorginkeria eta xarma ezagutu duten ume hauek ez dute berehala ahaztuko gure herriak eman dien harrera bero eta goxoa. Euren buruetan jostalari ibiliko dira oroitzapenak San Joan bezpera gaueko sugarren mihi kiribilkariak airean bezala.

Gure herrietan hezetasuna, landaredia, kolore berdearen gama guztiak aurkituko zituzten basamortuko kolore hori, marroi eta okreetara ohitutako gaztetxoek. Eta ibaiak, piszinak eta itsasoa izango dira euren gozamen iturri. Esperientzia berri hau bizi osoan itsatsita eramango dute oroimenean eta eurentzat Euskal Herria Paradisu edo Harkadia zoriontsu bezala gordeko dute haurtzaroko oroitzapen goxo eta indartsuetan.

Gure herria solidarioa eta esku zabala izan da herri behartsu eta zanpatuekin. Seguru asko Euskal Herria behar gorrian egon denean, gosea edo gerratea tarteko, beste herrialdeak solidario izan direlako berarekin.

Baina atsekabea ere tokatzen zaio tartetan gure herriari. Frantziak eta Espainiak mendean daukatenetik, eta estatu horietako Konstituzioa ezarri zitzaigunetik, ez dugu bake iraunkorrik ezagutu. Ez gara geure buruaren jabe eta itxurazko demokrazia inposatu batek markatzen digu pausoa norantz eta noraino eman. Hortik aurrera mehatxua, mendekua eta zigorra dator.

Azken erasoetako bat Frantziatik datorkigu. Frantses Hizkuntzaren Kakademiak mokordo galanta jaurti du hango legegileen kontra, Konstituzioan bertako hizkuntza minorizatuak “ondare” gisa onartu dituztelako. Betiko beti-ni-ni-ni… egozentrikoek ez dute ez lotsarik ez gizalegerik ez gizatasunik. Gizatxar handiusteen modura hizkuntza, kultura, nazio… txikiak nahierara zanpa daitezkeela uste dute eta ahots ozenez aldarrikatzen dute, gainera. Madarikatu zikinak! Ez dira konturatzen beren ipurdi zantarrean zintzilik darabiltela mokordo nardagarria eta ez dira lotsatzen zabaltzen duten kirats higuingarriaz.

Orain, badirudi Frantziako Senatuak berretsi egin duela Kakademiaren proposamena, alegia, onartu egin dute hizkuntza minorizatuak Frantziako ondare gisa Konstituzioaren lehen artikuluan ez agertzea. Ez dakit zein ondorio juridiko izango duen honek. Baina kaka eginda dago jadanik. Urrun gaitezen jendilaje horren eginkarietatik, kakademiak epidemia gaiztoren bat ekarriko baitigu bestela.