argia.eus
INPRIMATU
Eurokopako
Joxemari Ostolaza 2008ko uztailaren 06a
Joxemari Ostolaza
Joxemari Ostolaza
Kontsumitzailea nauzue. Hasieratik, partidu gehienak ikusi ditut zappinga lagun. Ikusle soila, ez nau inoren elastikoak erakartzen bereziki. Eskuetako azkazalek eskertuko didate. Ez dut inork irabazi dezan desio, nahiz eta aitor dudan, holandarren jokoaz disfrutatu nuela, Frantziaren aurka irabazi zuten egunean. Agian, Frantziako Senatuari eta Hizkuntz Akademiari egotzi beharko nieke futbolari frantsesen porrota. Ez dakit. Ez dut politika eta kirola bereizteko adinako talenturik, eta niri dagokidanez, batek bestea kutsatzen du nire baitan. Poztu ninduen frantziarren ezusteko bilakaerak. Orain Espainari tokatzen zaio. Afari pare bat gustura ordainduko nituzke galduko balute, partiduak piper potoz horniturik jarraitzen dituzten ez nazionalista ahoberoak negarrez eta errudun bila ikusteagatik. Izan ere, nazkatuta naukate Siberia aldera igorri nahi zuten entrenatzailea gurtzen dabiltzan kazetari horien jardunek. Zeren, beren selekzioa txapeldun aterako balitz, nork agoanta aurrerantzean telebistako emanaldiak eta garai bateko Zaragozako Marcelino jokalariaren golaz jasan beharrekoa? Palkutako biztanleriaren keinuak ikustea baino, hobe frantziar kateak sintonizatzea eta Viva Larrusia oihukatzea mutu.