Hartzak Artikoan
Azken aldi honetan oso arruntak zaizkigu telebistan hartz zurien irudiak, urtzen ari diren izotz zati artean iraupen-borrokan.
Washington Unibertsitateko Joshua Tewksbury eta Kaliforniako Unibertsitateko Curtis Deutsch ikerlari estatubatuarrek diotenez, askoz ere larriagoa da gertatzen ari den berotegi-efektua tropikoan bizi diren izakientzat Artikoan bizi direnentzat baino.
Tropikoan tenperatura aldaketa pare bat gradukoa besterik ez izan arren, espezie ugarik ezin izango du jasan. Antza, espezie batzuek jada oso gaizki jasaten dituzte urtero tropikoetan gertatzen diren aro beroak eta hortaz, mugak gaindituz gero akabo.
Aldiz, Artikoan bizi diren izakiek jasan behar izaten duten tenperatura tartea askoz ere handiagoa denez –zero azpiko gradu askotik hamabost gradurainokoa–, ez dirudi goiko muga hori pixka bat aldatzeak gehiegi eragingo dienik.
Ikerlariek ez dute euren azterketa amaitu, eta orain hiru bide zabaldu dituzte. Batetik, uztetan berokuntzak izango duen eragina neurtu nahi dute, bestetik bertako gizakiengan izango duena, eta azkenik, berotegiak eragingo duen eurien aldaketak landaredian izango duena.