argia.eus
INPRIMATU
Abarrak
'Euzkel Egutegiya'. Bertsoaren indarra eguneroko bizimoduan
Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2013ko maiatzaren 02a
Euskaldun zintzoaren etxerako eskuliburua, Ana Eizagirre Sagardia
(Utriusque Vasconiae, 2008), 362 orrialde.


Herri xehearen irakurketa praktika aztertu du liburu honetan, euskarazko alfabetatzearen historian aditu den Ana Eizagirrek. XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran euskarazko irakurketa esparruaren muina dotrina, bertsopaperak eta egutegiak ziren, eta Eizagirrek aztertutako Euzkel Egutegiyan ere, bertsoen pisua nabarmena da: 1914-1916 epealdian, euskaltzaletasunean heztera bideratutako testuen %40-45 bertsoak ziren, euskotartasun sentimendua indartzera bideratutako testuen %80 inguru ziren bertsoak, eta kultur orokorreko formaziorako idatzitako testuen %60. 1910-1913 urte artean erlijio gaiek izan zuten indarra bertsoetan, eta 1909an, Euzkel Egutegiya argitaratu zen lehen urtean, berriz, asmakizunak egin ziren bertsotan, irakurleek falta ziren errimak osatu behar zituztelarik.

Egutegietako orritxoetan bertsoek zuten presentzia nabarmena, eguneroko bizitzan bertsopaperek zutenarekin bat dator. Dokumentu historiko gisa balio handia dute bertsopaperek, bertsolaritza bera garatzeko balio izan zuten, eta informazioaren zabalkunderako baliabide eraginkorrak ziren.

Gaurko egunetan orduko funtziorik betetzen al dute bertso jarriek? Dokumentu historiko gisa batere ez, gertakari oro mikrograbatuta uzten ari garen aro honetan. Baina bertsolaritza garatzeko modu onena bada oraindik, eta informazioaren zabalkunderako ere baliabide eraginkorra izan daiteke, kasu jakin batzuetan. Larraulen (Gipuzkoa) eskola irekiko dela herritarrei jakinarazteko zer modu hoberik, herritar gehien biltzen den ekitaldian (festetako bertso saioa) etxera eramango duten bertso sorta banatzea baino?

Emeterio Arreseren bertsoak izan ziren Euzkel Egutegiyan urtetan argitaratuenak, Bilintx, Jose Artola eta Antonio Arzakenekin batera. Bizpahiru urtez euren alea utzi zutenak, berriz, Sabin Arana Goiri, Elizanburu, Jose Luis Jauregi “Jautarkol”, Felipe Arrese, Pedro Migel Urruzuno... Arrastoa utzi nahi duen ideologo edo bertsolaririk bada, ARGIAn hamaika orri atzerago du txokoa.