argia.eus
INPRIMATU
Ur handitan
Joxemari Ostolaza 2008ko ekainaren 29a
Ohitua. Omen. Hala zioen berak. Marrazoen erresuman, bizirik irtena eta ondasunez gizenduak bazuen xarmarik zaleen artean, eta bazkideek, jabeek taldearen kirol porrotak eragindako depretik libratuko zuen norbait behar zuten. Bisiguz, antxoaz eta aurki legatzez alargundutako golkora egin zuen. Txina zuen itsaso, txinatarrak arrantzale eta aireportuak portu. Handik jan behar zuen flakiak jotako Realak. Deskokatzeaz ados. Hollywood. Iritsi zen momentua, beren buruak duin, tente edukitzeko gauza ez ziren zuzendaritza kideek, artatze berezietako biztanleria osatzeko egokieran zeudenek bidea libre utzi zioten. Bakarra izan zen. Ausart ekin zion hauteskunde kanpainari eta goleadaz irabazi zuen aulkia. Politiko profesionalen metodoa erabili zuen: agindu eta agindu, ondoren agindutakoa haginkadaka jateko. Baina, politikan ez bezala, kirolean hautesleak ez ditu alzheimerrak jotzen porrotek baino, erne bizi dituzte klubaren gorabeherak eta ez dute barkatzen. Elkarren beroan gurtu, elkarren anparoan egurtu. Eta klubaren erakustokiak, lehen taldeak, iaz galdutakoa aurten irabazi behar zuen horrek hutsegitean, ustezko marrazoa korrokoi. Eta orain ur zikinetara eraman duten gezurrek, lohitu dute. Hau ez da Txina, hemen, hemengo itsasoan marrazoena atun.