Jende guztia txinatarren produktuak Europara helduko diren beldur da. Produktu horietako asko dagoeneko kontsumitzen ari gara. Ehunka denda txinatar sakabanatuta daude gure geografian. Eta milaka Euskal Herriko eta Europako merkatari kezkatuta daude horregatik guztiarengatik. Egia da autoen marka txinatarrak hasiak direla esportatzen merkatu ez hain zorrotzetara edo gureak baino garapen gutxiago dutenetara, hala nola Afrikara, Ekialde Hurbilera eta Hego Amerikara. Auto txinatarren “erasoak” Europan, hala ere, oraindik ere itxaron beharko du. Baikorrenek diote 2009 arte ez dela hasiko “eraso” hori, txinatarren auto ekoizpenean hutsune batzuk bete beharra dagoelako. Honako arrazoi hau ematen da horretarako: Txinako automobilek oraindik ez dutela herrialde garatuetan eskatzen den kalitatea. Hala ere, euskal automobilgintzaren industria aztertzen hasia da Txinak nolako eragina duen bere sektorean, eta dibertsifikazioaren alde egiten dute.
“Mehatxu moduan baino, Txina aukeratzat hartzen dugu” dio Inés Anituak, Euskadiko Automobilgintzako Osagaien Klusterraren zuzendari nagusiak. Uste du kalitate gaietan “abantaila apur bat dugula oraindik ere Txinaren aldean”. Eta gaineratu du: “Txinan erosten dugu, saldu ere herrialde hartan saltzen dugu eta Txinako enpresekin hitzarmenak egiten ari gara. Merkatu hori zaindu egin behar da eta aukeratzat jotzen dugu”.