argia.eus
INPRIMATU
Surfin Kaos
«Egunero saiatzen gara zuzentasunaren marra esnifatzen, edo zakarretara botatzen, nahiz eta oso zaila izan»
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2013ko maiatzaren 06a
Surfin Kaos
Surfin Kaos

“Momentu erraldoiak, transmisioa dutenean”. Badago nahikoa feed-back Euskal Herriko ikusle hotzekin?


Badago bai, hala ere ikusleek beraien aldetik gehiago emango balute, askoz ere gehiago disfrutatuko luketela uste dut.

Amets hiltzaileak. Zein da horri buelta emateko edo kontra joateko modua, “a lo bonzo” egitea?


Hitz hauek Xabier Silveirarenak dira. Hitz gogorrak, baina benetakoak, mundua horrela dago.

Heriotza hainbat abestitan dago presente. Muturrean bizitzeagatik, horrenganako obsesioren bat daukazue?


Ez daukagu obsesio berezirik heriotzarekin, baina musika sentitzen dugun erarengatik eta bizi dugun gizarte honengatik erortzen gara pentsamendu horietan: kontsumismoa, konformitatea, gizartearen heriotza…

Zerritu nahi dut. Bizitzari azken tanta atera behar zaio? Euskaltzaindiak onartzen al du esamolde hori?


Bizi garen gizartean ez dugu beste irtenbiderik. Noizbehinka burua galtzeko beharra izaten dugu, estresa, lana edo arazoak direla eta. Euskaltzaindiak agian, onartu beharko luke.

Transmisio sonikoak kantuan eta diskoaren izenburuan sumatzen da arrasto hendrixiano eta lisergiko bat…


Kantu hori hainbeste miresten dugun Jimiri eskainia dago eta diskoaren izenburuak “hirusta” esan nahi du grezieraz. Hiru pertsonalitate diferentez osatutako taldea garelako.

Musikaz eta jarreraz makarrak zarete: “zuzentasunaren marra” aspaldi esnifatu zenuten?


Makarrak bizitzaren aurrean, horren isla dira gure jarrera eta musika. Egunero saiatzen gara zuzentasunaren marra esnifatzen edo zakarretara botatzen, nahiz eta oso zaila izan.

Ez al ziren ba Hot Dogs!-ekoak Euskal Herriko Gaueko erreginak? Destronatu nahi dituzue?


Kantu hori gure lagun minak diren Usua eta Idurreri eskainia da. Hot Dogs!-eko lagunek beti izango dute tronu hori beraientzat, nahiz eta batzuetan gure lagunekin partekatu.