argia.eus
INPRIMATU
Maltzagatik
Denak EHAKri begira
Xabier Letona Biteri @xletona 2008ko ekainaren 29a
Parlamentua
ParlamentuaRaul Bogajo / Argazki Press
Iritsi da unea eta batek daki ostiralean Eusko Legebiltzarrean zer gertatuko den, baina EHAK-k erabakiko du Kontsulta Legea aurrera aterako den ala ez. Ezker abertzaleak, oro har, oso jarrera kritikoa izan du hiruko gobernuak landutako ekimenarekin: ez duela gatazka bideratzeko balio, hauteskunde lehiara begira dagoela eta Nafarroa kanpoan uzten duela adierazi du nagusiki.

Bi galdera ditu ahalezko kontsultak, baina bistan da erabaki eskubidearen ingurukoak egiten duela ardatz lana, eta ETAri dagokiona lagungarri dela. Alde horretatik, Eusko Legebiltzarrak erabaki eskubideari buruzko Kontsulta Legea EHAK-ren erruz ez ateratzea zama politiko handia litzateke ezker abertzale osoarentzat. Baiezkoak, aldiz, Eusko Legebiltzarraren burujabetza eta Madrilgo legearen indarra jarriko lituzke aurrez aurre berriz ere, eta ikuspegi demokratikotik kontraesan hori elikatzea beti da onuragarria, hain zuzen ere Madrilgo legitimitatea higatzen duelako.

Baina oraingoan edukia baino garrantzitsuagoa da ontzia bera, lehenbizikoz Euskal Herriko lurralde eremu batek bere Kontsulta Legea izango lukeelako, Madrilgo baimenik gabe ateratakoa. Horra hor benetako sakrilegioa. Eta horri ere ezezkoarekin erantzutea ez litzateke oso ulergarria mundu abertzalean.

Baiezkoak hirukoaren bide orrian urrats erabakigarria ematea ekarriko luke. Bide orriari, alabaina, ez zaio etorkizunik ikusten, eta hori da hain zuzen ere Ibarretxe lehendakariak bihotz eta arimaz bultzatutako ekimenaren alde ilunena. Gizarteari begira ez da erantzunik landu Madrilgo ezezko iragarriaren aurrean, eta hori etsigarria eta arriskutsua ere gerta liteke. Ibarretxe EAJtik askoz harago ere ondo ikusitako liderra da, baina bere zuzendaritza bakarra baino, mugimendu eta ideia argi batzuen lidergo indartsua da gisa honetako prozesu batek behar duena. Gatazkaren konponbiderako ahaleginean porrot berri baten ostean dator ahalegin hau, eta bere hastapenean bederen, ez du ilusio berezirik sortu ez gizartean –hori gaitzagoa da–, baina ezta mundu abertzalean ere, eta hori samurragoa izateaz gain, ezinbesteko beharko luke.

Loiolako elkarrizketetan oinarrizko adostasunetik hain gertu egon ondoren, oraingo honek guztiak oso atzera eramaten gaitu, edo irudi hori barreiatzen du behinik-behin. Baina, aldi berean, Loiolakoa dagoeneko hor dago, ezabaezina da, eta porrot baten ondoren, horren azkar beste ahalegin berri batean murgilduta egotea ere esanguratsua da. ETA-Gobernua ohiko saioetatik oso desberdina da, baina saio izanagatik bakarrik begirunea eta aukera bat merezi duena.

Euskaldunoi kosta egiten zaigu onartzea minoria garela eta urte luzez hala izango dela. Euskal lurralde guztietan hori hala balitz primeran gainera, hori baita euskal hiztun komunitatearen lehen helburua, ahalik eta neurririk handienean euskaraz bizitzea. Euskaraz normal bizitzea. Baina kosta egiten da euskal herritar eta euskal hiztunaren arteko bereizketa onartzea.

Minoria gisa garatu ahal izateko behar da euskal gizartearen babesa, zalantzarik ez; noizbait minoria ez izateko bokazioa ere osasungarria eta akuilua da. Baina garrantzitsuena da –eta eztabaidaren lehen lerroan jarri beharrekoa–, euskaraz bizi nahi duten guztiek horretarako ahalik eta tresna eta aukera gehien izatea. Orain, gaur, bihar beranduenez, etzi damurako utzi barik.

Jaurlaritzaren IV. Inkesta Soziolinguistikoak ez du berri gehiegirik ekarri, beti da poztasunerako eta kezkarako daturik, baina oro har ez da zuziririk botatzeko modukorik. Euskal hiztunek euskararen orainaz eta etorkizunaz eztabaida eta hausnarketa zabal eta sakona egiteko garaia heldu da agian.