‘Lucio’ dokumentalak Boloniako (Italia) Biografilm jaialdiko sail ofizialeko sari nagusia irabazi du. Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak zuzendu dute Lucio Urtubia anarkistari buruzko filma.
Günter Neuhold austriarra (Graz, 1947) izango da Bilboko Orkestra Sinfonikoko (BOS) zuzendari berria. 1986tik 1990era bitartean Flandriako Orkestra Sinfonikoaren zuzendaria izan zen, 1989 eta 1995 artean Karlsruheko Badisches Staatstheater antzokiko musika zuzendaria eta 1995 eta 2000 artean Bremengo antzokiko musika zuzendaria. 2011 arte izango da BOSeko zuzendaria.
Karlos Zabalak Marie Darrieussecq idazlearen Tom hil da (Alberdania) eleberria euskaratu du. Jatorrizko liburua, Tom est mort, iaz argitaratu zuen Darrieussecqek.