argia.eus
INPRIMATU
Gazteek gero eta gutxiago darabilte euskara
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2013ko maiatzaren 02a
Inkesta soziolinguistikoa
Aldaketa handirik ez da Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak egindako IV. Inkesta Soziolinguistikoan. 15 urteko tartean (lehen inkesta 1991koa da eta azken datuak 2006an hartuak) Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen ezagutzak eta erabilerak gora egin dute, Nafarroan bere horretan mantentzen dira eta Iparraldean galerak segitzen du. HPSk behin eta berriz azpimarratu du euskararen geroaren giltza, herritarrei dagokienez behinik behin, erabilera dela, eta HPSk berak begia erabileran jarri du inkestako datuak interpretatzeko orduan. Erabilerak gora egin du Euskal Herrian, gora egin du elebidun kopurua igo delako. Alegia, euskara ikasi eta erabiltzen duen jende gehiago dago gure artean. Kezkatzekoa dena da lehendik euskara zekitenek gero eta gutxiago erabiltzen dutela eta batez ere 16-24 urte artekoek. Eta zergatik erabiltzen dute euskara gero eta gutxiago gazteek? Patxi Baztarrika HPSko sailburuordeak inkestaren aurkezpen egunean ondoko testuingurua marraztu zuen: gero eta gazte gutxiagorentzat da euskara ama hizkuntza eta beraz, gaitasun gutxiago dute euskaraz gaztelaniaz edo frantsesez baino. Gune erdaldunetan bizi dira eta euskaraz aritzeko aukerak mugatuak dira.

Baztarrikak erabileraren beherakada hori normaltzat jo du, hiztuna inguratzen duten baldintzak kontuan hartuta. Alabaina, erabilerarik gabeko hizkuntzak etorkizunik ez duenez, praka bete lan bada inertzia hori aldatzen. Sailburuordeak 16 urtetik beherako hiztunak izan zituen gogoan, inkestan sartzen ez direnak eta azpimarratu zuen, inkesta eginez gero adin tarte horretako emaitzak hobeak liratekeela. Eskolaren eragina, ikasi eta erabili, baina haurrak gazte egiten diren neurrian euskara bazterrera eta erdarak aurrera.

Bestalde, Baztarrikak euskal gizartearen hiru ezaugarri azpimarratu zituen, elebakarrak sortzeko baldintza aproposak ezartzen dituztenak eta kontuan hartu beharrekoak: demografiaren zahartzea, jaiotze tasa baxua eta etorkinak.