Duela hamar urte inguru, HAEEk euskara argiaren aldeko apustua egin zuen. Horren ondorioz, gaur egun administrazioek argitaratzen dituzten euskarazko testuak ulergarriagoak dira ordukoak baino. Baina ez askoz ulergarriagoak, Edorta Españaren ustetan. Errua itzultzailearen trebezia falta izan daiteke batzuetan; beste askotan, gaztelaniazko jatorrizkoaren mordoilokerian bilatu behar da arrazoia, euskarazkora igarotzen baita. Zortzi lerrotan hiru koma besterik ez dituen esaldia gaztelaniaz ulergaitza bada, hagitzez ulergaitzagoa izango da euskaraz. Gehitu egiozu dozena erdi hitz tekniko, eta hor duzu antilingua.
Itzultzaileek, gero eta gehiago, irizpide horiek dituzte gogoan, eta denak bat datoz aurrera egin dela, baina Españaren esanetan asko dago oraindik egiteko. “Orain dela hamar 8-10 urte HAEEk bide hori zabaldu zuenean, prestakuntza ikastaroak egin ziren hainbat administraziotan, euskara garbiaren beharra denon ahotan zegoen... Baina iruditzen zait hasierako ahalegin handi hura apur bat motelduta dela. Gauza bat da irizpide sorta bat jasotzea liburu batean, eta beste bat hori nola gizarteratu den, ea benetan itzultzaileengana zein gainerako langileengana ondo iritsi den”.