Ez da Europar Batasunak gizarte maila baxukoekin jarrera antisoziala duen lehen aldia. Eta beti enpresa eta sektore-lobbyei zein multinazionalei men eginez. EBren historiak hala erakusten du. Burdingintzako eta ontzigintzako langileak, meatzariak, nekazariak, abeltzainak, arrantzaleak, eta abar izan dira bere politika antisozial eta neoliberalaren biktimak. Azken asteotan, ordea, EB urrunago joan da eta ohiko kaltetuei etorkinak gehitu dizkio. EBko burokratak lan-astea 65 ordutara luzatzea hausnartzen ari dira, eta agiririk gabeko etorkinak euren herrialdeetara itzultzeko bidea zabaldu dute. Giza eskubideen aurkako politika bortitzenak eskuineko alderdi politikoek eta atzerakoienek proposatu dituzte. Eta salbuespenak salbu, euren burua demokrata eta sozialdemokratatzat dutenen laguntza izan dute.
Testuingurua kontuan hartuta, EBko politikariek ez lukete harritu behar duela egun gutxi Irlandak Lisboako Tratatuari uko egin izanaz. Europari baiezkoa edo ezezkoa emateko erreferenduma orain egingo balitz, ziur aski EBko herrialdeetan ezezkoak irabaziko luke alde handiz. Multinazional eta enpresa-lobbyen Europari, Europa antisozialari, errepresiogile eta solidaritaterik gabeari eta lortzea hainbeste kostatako langileen eskubide historikoen galera ekarri duenari, ezezkoa emango litzaioke. Langile klaseak, EBko herrialdeetako hiritarrek eta EBen bizirautea nahi dutenek politikari eta gobernuen tratu hobea merezi dute.