argia.eus
INPRIMATU
Akabo 90 urteko misterioa
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2013ko maiatzaren 02a
Nikolai II.a eta bere familia
Nikolai II.a eta bere familia
Ekaterinburg (Errusia), 1918. Uztailaren 16ko gauean, Ejertzito Gorriak Nikolai II.a tsarrari eta bere familia osoari jaikitzeko eta janzteko eskatu zien. Tsarraren aldeko Ejertzito Zuria gertu zegoela-eta, lekualdatuko zituztela esan zieten. Sotora eraman zituzten, argazki baten aitzakian. Yakov Yurovskiren gizonak sartu ziren gero, baina ez zeramaten argazki kamerarik. Yurovskik berak, errebolberra atera eta errusiarrek heriotzara kondenatu zutela esan zion tsarrari. Buruan jo zion tiroa. Ondorengo tiro sortan tsarina eta Olga alaba hil zituzten. Eta beste sorta batek gainerakoak hil zituen, ustez behintzat. Tiroen kea desagertu zenean, tsarraren alaba Anastasia eta Maria bizirik zeuden; biek harribitxiak josi zituzten kortseen barrualdean eta, ezustean, balen kontrako txalekoen lana bete zuten. Baionetaz eta kolpeka errematatu zituzten.

Baina hori guztia ez zen 1989ra arte jakin. Orduan eman zen argitara Yurovski txostena, Yurovskik berak buruzagi boltxebikeentzat idatzitako exekuzioaren deskribapena. Bi urte geroago, 1991n, tsarraren familiaren ustezko arrastoak hobitik atera eta aztertu zituzten. 1979an topatutako hobi komun batean zeuden. Ikerketen emaitzen arabera, Nikolai II.aren familiako kideak ziren, baina bi falta ziren: Alexei oinordekoa eta Maria.

Orain gutxi, 2007ko abuztuan, txostenak emandako xehetasunei esker, arrasto berriak topatu zituzten eta AEBetan egindako DNA frogek baieztatu berri dute Alexeiren eta Mariaren arrastoak direla. Amaitu da misterioa: uztaileko gau hartan Tsarraren familia guzti-guztia hil zuten.

Yurovskiren pelotoiko kideek gorpuak azido sulfurikoz busti zituzten, gero granada batez leherrarazi eta, azkenik, banandu egin zituzten. Neurri horiekin, hilobiak tsarraren aldekoen kultu-toki bilaka zitezen saihestu nahi zuten boltxebikeek.

Baina emaitza oso bestelakoa izan zen. Gorpurik eta, beraz, frogarik ezean, legenda gero eta gehiago gizentzen hasi zen. Tsarraren ustezko seme-alabak dozenaka azaldu ziren. Horien artean izarra Anastasia izan zen. Izarra, 1997an animaziozko musikal baten protagonista izateraino. Baina, azkenean, biologia molekularrak Yurovskiren pelotoiaren lana burutu eta istorio misteriotsuaren amaiera idatzi du.