Zigor Masip, AEDko lehendakariaIker Barandiaran / Goienkaria
Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) elkarteak hogeita bost urte beteko ditu aurten. Hogeita bost urte jardun gogotsuan, euskararen erabilera arrasatearren bizi-esparru guztietara zabaltzeko helburuarekin.
Elkartea eratu zen garaian, 80ko hamarkadaren hastapenetan, euskara kinka larrian zegoen gure herrian. Arlo batzuetan, irakaskuntzan nagusiki, aurrerapausoak ematen hasiak baziren ere, arrasatearren artean euskararen erabilera hutsaren hurrena zen –hamarretik batek zeukan euskaraz berba egiteko ohitura–.
Errealitate gordin horren aurrean, soziolinguistikako hitzaldi sorta baten inguruan elkartu ziren pertsona batzuek herriko euskaldungoarentzat elkarlanerako bilgune bat antolatzeko ekimena izan zuten. Horrela, 1983ko azaroaren 29an, Arrasate Euskaldun Dezagun elkartea sortzeko Batzar Eratzailea egin zen. Euskara elkarteen aitzindaria eraturik zegoen.
Huraxe izan zen abiapuntua Arrasateko euskaltzaleak batu eta lanean hasteko, euskaraz bizitzeko eremu berriak zabaltzeko, euskal kultura sustatzeko, Udalean Euskara Zerbitzua sortzeko, euskarak normalizazioari begira behar zituen neurriak bideratzeko edota exijitzeko, jendearen hizkuntza-jarreretan eragiteko…
Urterik urte AEDren jarduera hedatzen joan zen, lantzen zituen arloak (sentiberatzea, kultura, haur eta gazteen aisialdia, lan-mundua, hedabideak, emakumeak...) ugaritu ahala. Elkartearen sorreran ereindako haziaren fruitua biderkatuz zihoan etengabe eta, hori horrela, hasiera batean elkartearen lan-ildo ezberdinak jorratzeko eratu ziren lantalde batzuek beren bide propioari heldu zioten, izaera juridiko propioaz eta kudeaketa autonomoaz, modu eraginkorragoan eta kalitatezko parametroetan lan egiteko:
1991: Arrasate Press eta Arrasate Telebista ekoizten zituen ARKO izan zen erakundetzen lehena.
1994: Txatxilipurdi izan zen hurrengoa haur eta gazteen aisialdiaz arduratzeko.
1995: Ekin Emakumeak elkartea eratzeko urtea izan zen, emakumeak euskarara gerturatu eta pertsona gisa garatzeko bideak zabaltze aldera.
1996: Euskalan erakundetu zen azkena, lan-munduan, eta bereziki enpresetan, euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin.
Aipatu, azkenik, Arrasateko elkarteon jarduera eta lan egiteko modua eredu izan direla gaur egun Hego Euskal Herrian diharduten laurogeitaka euskara elkarteentzat. Horren adibide dugu AEDk 1990ean bultzatu zuen Euskararen Hitzarmena, ordu hartan elkarrekin harremanak euskaraz izateko konpromisoa hartu zuten 37 erakundek sinatu zutena. Ekimen hura mugarri izan zen erakundeak euskalduntzeko bidean gaur egun hain hedatua dagoen hitzarmengintzaren filosofia eta metodologia erabili zirelako estreinako aldiz.
Urtetako lan oparo horrek erakunde publikoen errekonozimendua ere jaso zuen 1997an, Gipuzkoako Foru Aldundiak Anton Abbadia saria eman zionean Arrasate Euskaldun Dezaguni.
AED Euskara Elkartearen erronkak
25 urte pasa dira baina aurrean agertzen diren erronkek beste horrenbeste urte jarraitzeko aukera ematen dute. AED elkarteak, erronka horiek guztiak aurrera ateratzeko nahia eta gogoa bere baitan darama, bere egin du Arrasate herrian beharrezkoa den Euskararen gaineko plan osotu eta nagusia. Hartutako erabakia ez da makala baina euskarak biziraun gura badu herri honetan, beharrezkoa dela deritzogu. Plan nagusi bat non, herrian uztarturik dauden gainontzeko euskalgintzako erakundeak inplikatzen diren eta sinergia mailak bilatzen diren, era antolatu baten euskara munduan lan egiten den, helburu bakarrarekin guztiok: euskararen erabilera areagotzea.
Zaila da aurrez esatea emaitza zein nolakoa izango den baina aurretik izandako ibilbideek aukera anitzak daudela argi erakusten digute, hor dago ARREPE egitasmoaren ibilbidea, helburu bakarrarekin 14 erakunde ezberdin lanean jartzeko kapaz izan dena.
Bigarren erronka nagusi bat, euskara elkartearen sendotzean datza. Urtez urte, hasierako asebetetze maila gainbehera etorri dela ezin genezake uka. Gaur eguneko egoera honi, itzulipurdia emateko garaia heldu dela argi daukagu. Euskara elkarteak izan badira egun jarraitu behar dute. Euskara elkarteek guztion beharra daukate: bazkide zein norbanako, erakunde publiko zein pribatuak, gazte zein helduak. Hasiera bateko ametsa ez da guztiz eraiki, bidea eginaz darraio.
25 urteurrena betetzen duen AED elkartearen leloak dioen bezala, Arrasate Euskaldun Dezagun. Erronka latza baina ametsak egia bihurtu daitezen lanari tinko segi behar zaio. Guztion lana da euskarak izaera eta bizitza izatea.