Ageriko altxorrak

  • Diotenez, altxorrez beteta dago Aramaio. Historian zehar bosten berri izan da gutxienez, gehienak Orixol mendiaren magalean lurperatuak. Ez dira elezahar hutsak: bat behintzat agertu izan da. Beste laurek ezkutatuta segitzen dute, baina Aramaiok, Zuiako koadrila osoak bezala, baditu beste mila altxor denen begi-bistan. Bailarak, orain, ateak ireki dizkie altxor bilatzaileei.
Oroko Ama Birjinaren santutegia
Oroko Ama Birjinaren santutegiaZuiako Koadrila
Ia 500 kilometro koadro, Araba osoaren seirena, eta 8.500 biztanle baino ez. Zuiako koadrilan, ezinbestean, natura da gailen, ondoko datuak argi uzten duenez: eskualdeko eremuaren %30 Gorbeiako eta Urkiolako parke naturalen barruan dago. Araba ozeaniko honetan ia dena da berdea, horitik ere zerbait baduen arren. Arrazua-Ubarrundian, koadrilako sei udalerrietatik ekialdekoenean, Lautada –letra larriz, hala baita Arabakoa– hasten da. Ez da txangozalearentzat balio gutxiagokoa horregatik; Ullibarri-Ganboako urtegia dago bertan, eta haren bazterretan paseo ederrak egiteko aukera ugari. Ez urrunegi, Legutianon, beste urtegi handi bat dago, Urrunagakoa. Bietan dago gordeta Gasteiz eta Bilboko etxeetan edaten den ura.

Hiri horietatik edo beste edozeinetatik ihesi lasaitasun egarriz doanarentzat ibilbide gidatuak antolatu ditu aurten Zuiako koadrilak (ikus www.cuadrillazuia.com). Oraintsu hasi dira, eta urrira arte iraungo dute. Berantiarrenek izango dute, beraz, udazkeneko xarmaz gozatzeko aukera Zuiako paisaietan.

Ederrenetakoa, pagadiz eta hariztiz zipriztindua, Oroko Ama Birjinaren santutegiaren inguruan dago, koadrila osoari izena ematen dion udalerrian. Bera da zabalena, eta berak du herririk handiena, Murgia. Baita gailurrik garaiena ere, zein eta Gorbeia. Oroko haitzak ez daude hain altu, baina ikuspegi ederra eskaintzen dute. Beharbada horregatik, Burdin Arotik bizi izan dira gizakiak bertan. Askoz hurbilago denboran, XII. mendean, santutegia eraiki zuten, nahiz eta gaur egun ikus daitekeena lau mende geroagokoa den.

Oroko santutegia ibilbide erromaniko deritzonaren erdia da. Beste erdia Olano herria dugu, Zigoitiako Udalean. Aipatzekoak ditu errota eta eliza; lehenbizikoa lanean oraindik.
Urkabustaiz

Koadrilako mendebaldean Urkabustaiz dago, eta hara garamatza bigarren ibilaldiak. Udaleko herri nagusian, Izarran, museo etnografikoak arbasoen bizimodua erakusten digu, oraindik ere, hein batean, nekazaritzan eta batez ere artzaintzan diharduen eskualdean. Zuiako koadrila osoan gaztandegiak topatuko dituzu; ez galdu aukera “Idiazabal”-en bat edo beste dastatzeko.

Izarratik bi kilometrora dago Goiuri. Orain dela urte gutxi arte Gujuli izan da herriaren izena, eta oraindik askoz ezagunagoa da izen horrekin. Hainbat harribitxi ditu Goiurik, nabarmenena Altube ibaiak egiten duen 100 metroko ur-jauzia.

Aramaioko elezaharrak

Zuiako koadrilako mapan ageri den ipar-ekialdeko kirtena Aramaio da, Arabako herri euskaldunena, Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko txokoan. Hura du xede hirugarren ibilbideak, batik bat gune biri arreta emanez: Ibarra eta Barajuen. Lehenbizikoa Aramaioko herrigune nagusia da, bigarrena berriz, udalerriko herririk zaharrena. Garai batean, han biltzen ziren herriko kapareak, eta elezaharraren arabera, handik igarotzen ziren hegaz, Anbototik Gorbeiarako txangoan, sorginak, beste mota bateko bileretara seguruenik.

Anboto, izan ere, oso hurbil du Aramaiok, tontorra bizkaitarra izan arren. Lau kilometro besterik ez daude Zabalandiko lepotik, Arangioko mendilerroan. Ekialderaxeago, Belamendin, abade ehiztari baten arima omen dabil. Leiendak dio igande batez meza ematen ari zela, txakurren zaunka entzun eta lana bertan behera utzita lasterka irten zela elizatik, txakurrek eraikitako erbia harrapatzera.

Elezaharretan aberatsa da Aramaio, eta elezaharrez baliatuta emango dizute bertako historiaren berri hara egindako bisitan. Egunaren amaieran, Barajuengo Olatezar gaztandegian, mokadutxo bat ahoratzen duzun bitartean goza dezakezu istorioez. Ingurura begiratu eta zalantzarik ez duzu izango egia direla.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude