argia.eus
INPRIMATU
Talaian
Euskal Herria eraikitzen
Juan Mari Arregi 2013ko maiatzaren 02a
Euskal Herriak, gure herriak, barne eta kanpo mugez banatua jarraitzen du. Banaketa politiko, administratibo zein ekonomikoa. Ikuspegi administratibotik begiratuta Euskal Herria ondoko administrazioetan banatzen da: europarrean, espainiarrean, frantziarrean eta autonomietakoan (EAE eta Nafarroakoan). Ondorioz, egindako analisi eta ikerketak administrazio horietako bakoitzak bizi duenaren isla dira gehienetan eta herrialdeko errealitate sozio-ekonomikoa, beste errealitate batzuk bezala, bakoitzaren ikuspegitik analizatzen da. Beraz desitxuratu egiten da errealitatea, Euskal Herria lausotua eta banatua erakutsiz. Hori aldatzeko beharrezkoa da, beste ezer baino lehen, gure herrialdearen errealitate nazionalaren jakitun izan eta Euskal Herri oso, bakar eta erabatekoa eraikitzeko lan egitea. Egia esan, ez dago lan horretarako egitura askorik, administrazio bakoitzak bere lurralderako baino ez baitu egiten lan.

Badago, ordea, horretan lan egiteko konpromisoa hartu duen euskal erakunde gaztea: euskal behategi sozio-ekonomikoa edo Gaindegia. Azken egunotan aurkeztu ditu, hain zuzen ere, Euskal Herriko sozio-ekonomiako 22 adierazle nagusiak. Euskal Herri osoarenak. Bost arlotan bildu ditu: ingurune ekonomiko orokorra, enplegua, berrikuntza eta ikerkuntza, ekonomiaren erreforma eta gizarte kohesioa eta ekonomiaren erreforma. Euskal Herriko egoera sozio-ekonomiko erreala ezagutarazten hasteko modua da. Eta hori ere Euskal Herria eraikitzea da. Horrela lan egiten dutenek euskal gizarte osoaren babesa merezi dute.