argia.eus
INPRIMATU
Osasuna
G puntua bai, baina ez emakume guztiek
Jabier Agirre 2008ko ekainaren 22a
G puntua
G puntua
Ernst Graefenberg ginekologo alemanak G puntua izeneko zerbait egon zitekeela iragarri eta 60 urte pasatu ondoren, Italiako ginekologo eta urologo talde batek, Emmanuele Jannini irakaslearen gidaritzapean, frogatu egin du baietz, orain arte hainbeste eztabaida eragin duen puntu hori existitzen dela, baina ez emakume guztietan.

Zientzialari italiarrak eta haren taldeak hogei emakumerekin egin dute lan. Horietatik bederatzik zioten orgasmo baginalak izan zituztela, eta gainerakoek ezetz. Ekografo baten bidez azterketa anatomiko sinplea egin ondoren, emaitza zera izan zen: alde anatomiko garrantzitsuak daudela emakume batzuen eta besteen artean. Orgasmo baginala izandakoek ehuna lodituagoa zuten uretraren eta baginaren artean, sei-zortzi zentimetroko sakoneran. Ehun zati horrek zentimetro bat inguru neurtuko luke, eta ez ohiko hiruzpalau milimetroak. Loditutako inguru horixe izango litzateke zorioneko G puntua (ikus irudia).

Ikerketak, hala ere, beste aplikazio praktikoago batzuk izan ditzake. Itxura batean, orgasmo baginalik gabeko egoerei buelta emateko modua eskain dezake ikuspegi berri horrek. Janninik dioenez, “G puntua tratamendu hormonalarenganako sentibera da. Beraz, hormonen eskasiagatik G puntu hori atrofiatua duten emakumeetan posible izango litzateke esku hartzea”. G puntua eduki arren, testosterona maila apalak dituzten emakumeek “plazeraren etengailua itzalita edukiko lukete”, azaldu du ikertzaileak. Eta horiek hormona bidez trata daitezke. Beste emakume batzuek, ordea, ez dute G punturik, eta horiengan ez dira posible era horretako tratamenduak.

Dena den, italiarren ikerketak zalantza ugari sortu ditu hainbat lekutan, parte hartu duten emakumeen kopurua urri samarra delako. Hogei emakumerekin lortutako ondorioak ez zaizkie iruditzen estrapolatzeko modukoak.