argia.eus
INPRIMATU
Modako pub
Joxemari Ostolaza 2013ko maiatzaren 02a
Joxe Mari Ostolaza
Joxe Mari Ostolaza
Batera egin genuen Alaves eta Realarena ikusteko asmoz. Irlandes modakoan, bi telebista handi parez pare. Bi jende multzo haiei begira, elkarri bizkarra emanda. Gure atzetik oihu bateratu bat: Hamiltonek beste bat jo eta kanpora. Formula bateko karrera zuten ikusgai. Realaren istripuak erakarri mututzeak Eurokopara zuzendu zidan gogoa. Antolaketarako UEFAk sortu EURO 2008 entrepresaren aurrekontua, 130 bat milioi eurokoa da. Esponsorretako batek, MasterCardek egindako azterketa batean, ebentoak 1.400 milioi euro bilduko omen ditu, orain lau urteko Portugalekoa baino 600 milioi gehiago. Telebista eskubideek %70 inguru estaliko omen dituzte, patrozinatzaileek, sarrerek eta bestelako salmentek osatuko dutelarik gainerakoa. Partida bakoitzak 40 miloiko etekina sortuko omen du, puntakoek, aurre-finalek eta finalak 60 milioi inguru erakarriko dituztelarik. Publizitateen emaitzak ere ez dira makalak, 80 bat milioikoa baita aurreikusia duten etekina. Ikusi besterik ez dago zein diren patrozinatzaile esklusiboak: Adidas, Canon, Carsberg, Castrol, Coca-Cola, Continental, JVC, Hyunday-Kia, MasterCard eta McDonald’s. Krisi ekonomikoa. Eta gu, milaeuristaz beteriko modako pubean hauen bezero, petzero, gure etorkizuna jokoan bagenuke bezala. Ama, hau mixeria.