«Oraingoz, prentsaren negozioa paperean dago»

  • Berria egunkariak bost urte bete ditu aurten eta urteurren hori ospatzeko ekitaldia egingo dute hilaren 21ean Donostiako Kursaalen. Martxelo Otamendi zuzendariak azaldu duenez, egunkariak “aldaketa mamizkoak” izango ditu urritik aurrera.
Martxelo Otamendi
Martxelo OtamendiDani Blanco

Esan, zein izan da bost urte hauetan egunkariak izan duen hedapena? Hasierako olatuarekin konparatuta, nola dago gaur egun?


Berria egoera fiktizioan jaio zen eta bagenekien salmenta zifra horiek kopuru normalagoetara etorriko zirela. Azkeneko urteotan 20.000 ale inguruan gabiltza. Nahiko lan badugu salmentei eusten, mundu osoan joera dagoelako paperezko prentsan salmentak galtzekoa, eta gu eusten ari gara.

Beraz, kopurua egonkortu egin da.


Oraindik kopuru txikia da, baina gure hiztun masa kritiko bera duten herriekin konparatuta ez dago gaizki. Nik Avuiko zuzendariari beti esaten diot: katalana ondo dakitenak 7-8 milioi dira, eta euskaraz ondo dakitenak 350.000; hortik 20.000ko tirada izatea ez dago gaizki. Gutxi da, publizitatea saltzera goazenean hori esaten digute, baina garenak gara, eta prentsa irakurtzeko hizkuntza ondo jakin beharra dago. Horregatik, zifra horiek erlatibizatu egin behar dira.


Kazetaritzan hizkuntzarekin egunero egin behar da lan. Berria erreferentzia da euskarari dagokionez, lehen Egunkaria zen moduan. Nola da eguneroko lan hori?


Euskara talde bat dugu, oso prestatuta dagoen jendearekin. Helburu nagusia testuak argitaratu aurretik zuzentzea da, baina hori bezain inportantea da prestakuntza. Azken urteetan euskara taldearen zati bat kazetariak aurrez prestatzen eduki dugu. Ze, azkenean erronka da zuzenketarik behar ez duten testuak idaztea. Orain hori geldirik dago, baina jendea formatzeko diru eta ahalegin garrantzitsua bideratu dugu.


Eta hizkuntz sormena?


Kontsentsua behar da euskara taldekoekin, haiekin kontsultatu behar da. Dena den, egunero ez dira etortzen kontzeptu berriak; gaur egun iPhone-ri denok horrela deituko diogu, markak dakar bere izena. Ez da egunero eskaner bat asmatzen! Gehiago izaten da azalpena nola egin, esaldia nola osatu... Hitz berriak baino gehiago, adreiluen arteko porlana ondo lotzea da kontua.

Eskaintza eta produktuak gehituz euskaraz kontsumitzen duen jende kopurua handituko dela idatzi duzu berriki. Azalduko al zenuke ideia hori?


Ezinezkoa da pentsatzea denok medio guztiak irakurriko ditugula. Produktu berriak sortu behar dira, gaur egun dauden produktuetara hurbildu ez den jendea euskarara ekartzeko. Hori da, esaterako, Nora aldizkariarekin egin dugun ahalegina. Hitza-rekin hala gertatu da; prentsa orokorra astunegia zaion jendeari beste egunoroko bat eskaini diogu, eta Hitzaren bidez –baita Hernaniko Kronikaren bidez ere– milaka lagun jarri dira egunero euskaraz irakurtzen.


Baina nola uztartzen da hori prentsa idatziak bizi duen krisiarekin?


Gaur egun oraindik negozioa paperean dago. Guk Berria.info dugu ondoan Berria dagoelako, eta hori gertatzen da munduko web gune informatibo inportante gehienetan: New York Times, Washington Post, Le Monde, The Guardian, El País... denek webgune onak dituzte, baina denek dute ondoan periodiko bat negozioa paperean zentratzeko. Internetekoa kobratzen saiatu direnak barregarri geratu dira. Paperera dator publizitatea, salmenta eta harpidetza.


Krisia ordea badago...


Bai bai, ezin dugu itsutu eta esan “negozioa paperean dago eta kito!”; gu saiatu gara Internetekoa garatzen, baina ikusi behar da hurrengo hamar urteetan zein tendentzia dagoen. Gazteak ez datoz irakurri zale eta erne egon behar dugu. Baina nik bihar sortu beharko banu kirol egunkari bat, paperezkoa sortuko nuke. Edukiko luke ondoan webgune sendo bat, baina...


Orduan, Interneti dagokionez, zein jokabide izango du Berriak etorkizunean? Webgunea berrituko duzuela iragarri duzue.


Urrian paperean egingo ditugun aldaketa batzuekin batera Berria.info berritu nahi dugu. Horretaz gain, Interneten iragarki laburrak jarriko ditugu. Produktu horrek paperezko bertsio bat ere izango du, astero 100.000 ale banatuko dira Berria, Hitza eta beste hainbat herri aldizkaritan txertatuta. Euskarazko komunikabideek itxita izan duten eremu batean sartzeko saioa da. Interneten zer egingo dugun hurrengo urteetan? Erne ibili papera eta pantailaren arteko lehian eta ondo preparatuta egon. Mugimenduak joerekin batera egingo ditugu, ez gara sekula aitzindariak izango, guruak horretarako daude.


Paperean aldaketak egingo dituzuela esan duzu. Esplikatu hori mesedez.


Bosgarren urteurrena dela-eta ukitu batzuk emango dizkiogu, batez ere diseinuari. Urrian, berriz, aldaketak mardulagoak izango dira, mami gehiago izango dute.


Herri prentsaren formula arrakastatsua suertatzen ari da. Hitzaren prozesua finkaturik al duzue?


Zazpi Hitza martxan jarri eta gero pentsatu genuen egokia zela gelditzea eta egunkari horiek egonkortzea. Horretan ari gara azken bi urteetan. Egon zen saio sendo bat Iruñerrian egunkaria ateratzeko, pentsatuz gobernu aldaketa eta euskararekiko bestelako jarrera etor zitekeela. Guretzat enblematikoa zen, Iruñea euskararen mugan dagoelako, baina ez da posible izan eta karpeta batean dago azterketa, kaxoian.

Berria jaio zen Egunkariaren itxierari erantzunez. Epaiketa aurrera doa herri akusazioarekin, nahiz eta abokatu elkarteek hori astakeria dela dioten. Zer interes ikusten duzu horren atzean?


Geratzen den bakarra herri akusazioa da. Nola edo hala kondena bilatu behar dute, justifikatzeko itxiera eta izandako guztia. Arazo handiena hori dute: zaila zaie kondena larriak ematea, baina era berean oso zaila zaie esatea epaiketarik ez dela egingo.
Euskararen Aholku Batzordearen azterketa
Euskararen Aholku Batzordea azterketa sakona egiten ari da euskarazko hedabideen inguruan. Horretarako batzorde-atala sortu du, eta inkestez gain, hainbat adituen hausnarketak jaso ditu ponentzia bidez.

Zer iritzi duzu egiten ari diren azterketaren inguruan?


Nik jaso nuen gonbidapena txosten bat egiteko. Harritu nintzen galdetu nuenean zein ziren beste txostengileak, ez zidatelako esan nahi izan. Hasieratik ez zitzaidan gustatu metodologia hori, txostenak zein ibilbide izango duen ere ez zuten argitzen. Inportantea da egunero sektore honetan lanean gabiltzanokin gauzak egitea. Ze batzuetan, administrazioarekin harremanetan zaudenean, sentsazioa duzu mahaiaren bestaldean dagoenak joera duela lezioak emateko, baina gero, etorri den bezala joan egiten da.

Eta zeri erantzun beharko lioke azterketak zure ustez? Zein ondorio nahiko zenuke ateratzea?


Espero duzuna da borondate zintzoa ados jartzeko. Akordio batera iritsi behar da, sektorea zer egiten ari den onartu eta baldintza duinetan lan egiteko aukera eman. Eta gero, ikusi beharko da zein gutxieneko produktu eskaini beharko genituzkeen hurrengo urteetan. Eta jakina, ahalegin handia egin behar da jendea euskarazko kontsumora ekartzeko.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude