argia.eus
INPRIMATU
Hitz kritiko eta zuzenak melodiaren estalpean
  • Harrika ::Itzaletan

    autoekoizpena

    iraupena ::30´55´´

    prezioa ::11.50€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2008ko ekainaren 22a
Harrika diskoa
Harrika diskoa
Trintxerpeko laukoteak gaztetasuna, sasoia eta gauzak egiteko gogoa dauzka. Are gehiago, oso argi du taldea, ondo pasatzeaz gain, bidegabekeriak salatzeko sortu zutela. Estreinako lan luze hau grabatzeko Garate estudioetara jo zuten Haritz Harreguyrengana, eta hori emaitzan nabaritzen da. Horrez gain, diskoaren diseinu txukuna egin dute. Kanpokoaren parera, barruan aurki ditzakegun kritika zuzenak eta pentsarazteko abestiak ere melodia itsaskorrez busti dituzte. Hala, oinarrian melodia handiko punk-rocka edota punk-popa egiten dute, nolabait Piperrak eta La Pollaren eta Kaliforniako taldeen erdibidean. Horrez gain, baina, tarteka ukitu metaleroak sartzen dituzte edota dultzaina bat: azken hori, katalanez eta euskaraz abestutako Dos fronts oberts ederrean.
«Etxean Internet edukitzea eta Eroskin nahi duguna erosi ahal izatea ez da demokrazian bizitzea»

“Ez daukagu ezer demostratzeko… hemen gaude gure ostia txarra soinuarekin uztartzeko”. Taldeak kutsu terapeutikoa dauka zuentzat?


Ez genuen horrela planteatu hitz hori idazterakoan, baina seguruenik izango du, bai. Guk abestiak egiten, entseatzen eta batez ere zuzenean jotzen izugarri gozatzen dugu eta eguneroko ohikeriatik irteten laguntzen digu. Dena dela, musika bidegabekeriak salatzeko erabiliko dugu, batzuei gustatu ala ez.

“Eguzkia nazkatu da mundu puta hau argitzeaz”. Itzaletan hobeto biziko ginateke?


Batzuetan harritu egiten gara nola oraindik eguzkiak indarra duen mundu hau argitzeko. Izan ere, batzuetan argituko ez balu hobe litzateke. Eta okerrena, askotan denbora beste alde batera begira pasatzen dugula, errealitatea muturren aurrean dugunean.

“Demokrazia omen da… ba gu oraindik ez gara konturatu”. Zuen helburuetako bat da jendeari gauzak ikustaraztea, ezta? Zer da jendeak ikusi nahi ez duena?


Herriari erabakiak hartzen uzten ez dionak ez du demokrazia izena merezi. Hori da jendeari ikusarazi nahi dioguna, ez dela demokrazian bizi. Etxean Internet edukitzea eta Eroskin nahi duguna erosi ahal izatea ez da demokrazian bizitzea. Demokrazia askoz gehiago da, eta guk ez dugu hori ikusten.

“Hamaika urteko gizon bat nauzu”. Askoren egoerak jolasteko beta gutxi ematen du, ezta?


Bai, kezkagarria da herrialde askotan zenbat ume dagoen txikitatik arma bat beso artean duena. Gu, zorionez, ume asko ez bezala, txiki-txikitatik lagunartean jolasean aritu gara, XXI. mendean ume askok jolasean aritzea zer den ez dakitenean.

Noiztik zaudete anaituta Obrint Pas taldekoekin?


Beraien musika oso atsegin dugu eta abesti katalan bat izan nahi genuen diskoan. Gainera, dultzainen presentziak beste itxura bat eman dio abestiari, alaitu egiten du.