Euskera
1957an Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik plazaratu zuen Leturiaren egunkari ezkutua nobelak euskal literaturari egin zion ekarpena izan zuten hizpide Euskal Herriko Unibertsitatearen 2007ko Udako Ikastaroetan. Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa Batzordeak bultzatu zituen jardunaldi horiek eta orduan azaldutako ikerketak jaso ditu orain akademiaren Euskera aldizkariak. Duela 50 urte Leturiaren egunkari ezkutuak euskal literaturaren baitan ekarri zuen berrikuntzaren maila argitzeko, 1936ko gerra aurreko eleberrigintza eta batik bat haren ondoren sortutakoa berraztertu zituzten: 1946an Jean Pierre Iratxetek argitaratutako Antton nobela eta Hegoaldean gerraondoan sortutako Katakunbetako belaunaldiak, Jon Etxaide eta Jose Antonio Loidi buru, plazaratutako idazlanak izan ziren aztergai.