Elorriren irribarrea
Irakurle gazteenentzat Antton Kazabonek sortu eta Enrique Morentek marraztutako Elorriren irribarrean aspaldiko garaietako eta lurralde urrunetako herri txiki baten ohiturak agertzen dira. Lurralde hartan jaiotakoek sei urte bete bezain laster mundua ezagutzeko agindua zuten. Horretarako zeukaten tren gorria, Ortzigain izeneko mundu txikiari buelta osoa ematen ziona. Eta haraxe igo zen Elorri mutikoa ere. Bidaiak zazpi geltoki zituen: Kolorezelai zen aurrenekoa, eta Elorrik arrosa gorri bat hartu zuen handik; Musikalanda etorri zen gero, eta Elorriren bihotz tristea kantari jarri zen; Maitasunlur ezagutu zuen hurrena, bihotza muxuz bete zion lurra; baina ondoren Gorrotosoro, Aberasleku eta Zorigaitzenea etorri ziren. Azkenik Zorionmendira iritsi zen, eta handik, etxera.